Koronabirusak eragindako osasun larrialdiaren aurrean, Espainiako Gobernuak ezarritako alarma egoeraren testuinguruan jarraitu beharreko irizpide zehatzak azaldu ditu Ertzaintzak.
Ezohiko egoerak sortutako nahasmenari aurre egiteko, irizpide nagusiak jaso ditugu ALEAn.
Merkataritza jarduerak
Ze merkataritza lokal egon daitezke irekita?
Hauek bakarrik: janari eta edari dendak, farmaziak, osasun zentroak, optikak, ortopediak, higiene produktuen dendak, prentsa eta paper dendak, gasolindegiak, estankoak, teknologiako eta telekomunikazioetako produktuen dendak, etxeko animalientzat janaria saltzen dutenak, Internet, telefono edo posta bidezko merkataritza dendak, tindategiak, arropa garbitegiak eta albaitaritza klinikak.
Jendearentzat itxita dauden jatetxe eta janari-establezimenduek prestatu dezakete etxera eramateko janaria?
Etxez etxeko salmenta bakarrik dago berariaz baimenduta.
Janari-establezimenduek saldu dezakete prestatutako janaria?
Eramateko baldin bada bakarrik. Inola ere ezin da establezimenduan kontsumitu.
Okindegiek edaririk saldu dezakete -kafea barne-?
Eramateko bakarrik sal ditzakete produktuak, inola ere ez establezimenduan kontsumitzeko.
Ireki daiteke zerbitzugune edo gasolindegi bateko jatetxea edo kafetegia?
Ez, baina dendan janaria eta edaria sal daiteke.
Ileapaindegiak:
Lokala ezin da ireki, baina etxez etxeko zerbitzu profesionala onartuta dago.
Lokutorioak:
Ez daude jasota nahitaez itxita egon behar duten lokalen salbuespenen artean.
Asteroko azokak:
Baimendutako produktuak saltzeko bakarrik, eta ezarritako osasun arauak betetzen badira.
Automozioko tailer mekanikoak:
Premiazko konponketak egiteko bakarrik.
Partikularrei ibilgailuak alokatzeko enpresak:
Ezin dira ireki, merkataritza jarduera minoristatzat hartzen baitira. Aurretik alokatutako ibilgailuak itzul daitezke.
Profesionalei ibilgailuak alokatzeko enpresak:
Irekita egon daitezke, baina soilik ibilgailu profesionalak alokatzeko.
Fabrikatu ere egiten duten merkataritza jarduerek ateak itxita lan egin dezakete?
Bai, bertan tailerra baldin badute lanean jarrai dezakete, ateak itxita.
Joan-etorriak
Ziurtagiri edo agiriren bat eraman behar al da oinez edo autoan zirkulatu ahal izateko?
Identifikatzen diren pertsonei ez zaie inolako ziurtagiririk eskatuko, nahiz eta baloratu egingo den joan-etorria justifikatzeko ematen duen informazioa. Emandako informazioak zalantzaren bat sortzen badu, beste bitarteko batzuk erabiliz egiaztatu ahal izango da. Oraingoz ez dago mugikortasun-ziurtagiri ofizialik.
Pertsona bat ibil daiteke eremu publikoetan?
Pertsonek honako kasu hauetan zirkulatu ahal izango dute bide edo eremu publikoetatik:
- Elikagaiak, produktu farmazeutikoak eta behar-beharrezkoak direnak erosteko.
- Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetara joateko.
- Lantokira joateko, lan egitera edo jarduera profesionala edo enpresariala egitera.
- Ohiko bizilekura itzultzeko.
- Adinekoei, adingabeei, mendekoei, desgaitasuna duten pertsonei edo bereziki ahulak diren pertsonei laguntzeko eta zaintza emateko.
- Finantza- eta aseguru-erakundeetara joateko.
- Ezinbesteko kausagatik edo premiazko egoeragatik.
- Antzeko beste jarduera batzuk egiteko.
Desplazamendu horiek banaka egin beharko dira, desgaitasuna duten pertsonei laguntzeko edo bestelako arrazoi justifikatu batengatik ez bada. Hala ere, desplazamenduak ahalik eta gehien mugatu behar dira.
Establezimendu batean sartzean, nolako neurriak hartu behar dira?
Establezimendu batean beharrezkoa den erosketa egiteko ezinbestekoa den denbora egon behar da. Pertsonen artean metro bat eta bi metro bitarteko distantzia gordetzea gomendatzen da.
Mendeko familiartekoak bisitatu al daitezke?
Bai, zaintza eta laguntza emateko.
Mendeko pertsona bat naiz. Arreta ematen didan pertsona etorri ahal izango da?
Bai, baimendutako oinarrizko zerbitzuetako bat da.
Adingabeen zaintza aldatzeko mugitu naiteke?
Bai, adingabe bat artatzea dela ulertzen da.
Haurrak parkera eraman ditzaket?
Ez.
Seme-alabak normalean zaintzen dituen pertsonaren kargura utzi al ditzaket lanera joan behar badut?
Bai, adingabeak edo mendekoak zaintzea dela ulertzen da.
Jaitsi al daiteke zaborra kalera?
Bai, hurbilen dagoen gunera, eta ezinbestekoa den denboran.
Bizi garen eraikineko eremu komunetan (patioan, lorategian, eskaileretan?) egon naiteke?
Ez, erabilera komunitarioko eremu pribatuak baitira.
Maskota atera al dezaket paseatzera?
Bai, banaka, ezinbestekoa den denboran eta etxebizitzatik hurbil.
Parkera, hondartzara edo mendira joan naiteke?
Ez, ez daude jasota eremu publikoan baimenduta dauden mugimenduetan.
Zer muga dago ibilgailu partikularretan ibil daitekeen pertsona kopuruari dagokionez?
Errege Dekretuaren martxoaren 17ko eguneratzearen arabera, bakarrik onartzen dira banakako joan-etorriak, lanera joateko eta bizilekura itzultzeko. Gidariek ezin dute beste pertsona batzuekin batera joan alarma egoerak irauten duen bitartean, aurretik aipatutako salbuespenetan izan ezik.
Zirkulatu al daiteke motozikletan edo bizikletan?
Bai, aurreikusitako kasuetan eta banaka.
Eta taxietan?
Banaka, desgaitasuna duen pertsona bati, adingabe bati, adineko bati edo autonomiarik ez duen pertsona bati laguntzeko kasuetan izan ezik.
Familiarteko baten bila aireportura edo geltokira joan naiteke?
Ez dago berariaz aurreikusita eremu publikoko mugikortasun salbuespenetan. Aurreikusita dago desgaitasuna duten pertsonei, adingabeei edo premia bereziak dituzten beste pertsona batzuei laguntzeko denean edo justifikatuta dagoenean.
Kontratu bat, agiri bat edo antzeko zerbait sinatzera irten naiteke?
Arrazoi justifikatu batengatik bada bakarrik, eta atzeraezina bada.
Banatzaileek zirkulatu dezakete euren lana egiteko?
Bai, euren lan jardueraren baitan.
Tanatorioetako edo hilerrietako hil-beiletarako geletara joan naiteke?
Bai, jende pilaketak saihesteko aurreikusitako neurriak errespetatzen eta distantziak gordetzen badira.
Odola ematera joan naiteke?
Bai, osasun agintaritzak deituta eta beharrezko prebentzio neurriak hartuta.
Bigarren bizilekura joan naiteke?
Ez.
Bidaiarien garraio publikoa.
Era honetako garraioan Osasun Zerbitzuak ezarritako neurriak errespetatuko dira, eta bidaiarien artean gutxienez metro bateko distantzia gordeko da derrigorrez.