Koronabirusaren ondoriozko "zaintzen kolapsoari" heldu nahi dion mahai tekniko-politikoak lehenengo bilera izango du astelehenean; martxoaren 23an, 16:00etan. Hogei eragile baino gehiago mahai birtual baten inguruan elkartuko dira.
Ez dute parte hartuko euskal eta nafar gobernuek, izan ere ez diote Euskal Herriko Mugimendu Feministaren deialdiari erantzun. 48 orduko epea eman zieten eragile sozial, sindikal eta politiko ezberdinei beraiek egindako proposamenari erantzuteko: krisialdiko mahai politiko-tekniko bat sortzea Covid 19aren zabalpenetik eratorritako zaintzen kolapsoari heltzeko. "Ezin genuen denbora gehiago itxaron, dugun erantzukizun moral eta politikoak behartzen gaitu azkar erantzutera", dio Josebe Iturriozek, mugimenduko bozeramaileetako batek. "Eragileek unearen larritasuna ulertu dute, eta 48 ordu baino gutxiagoko tartean hogei eragiletik gorako mahai bat osatu dugu".
Horien artean euskal gehiengo sindikalaren ordezkaritza zabal batek parte hartuko du, LAB, ELA, Steilas eta CNT sindikatuen bitartez. Alderdiei dagokienez, Elkarrekin-Podemosek (Miren Gorrotxategi eta Ana Gonzalez) EH Bilduk (Oihana Etxebarrieta eta Monika Plazaola) eta Equok (Erika Martinez) parte hartuko dute. Orain arte ez dute PP, Ezker Batua, PSE-EE, EAJ eta Geroa Bairen erantzunik jaso.
Eragile politikoez eta sindikalez gain, beste eragile batzuk ere batuko dira. Besteak beste, Batera zaintza sare herritara, etxeko langileen elkartea den Trabajadoras No Domestikadas, Ahizpatasuna emakume feminista magrebien elkartea eta AMUGE Euskadiko emakume ijitoen elkartea.
Hainbat gaitan diharduten lau aditu feminista ere mahaian izango dira. Amaia Perez Orozko ekonomialaria, Bea Ilardia indarkeria matxistan espezializatutako abokatua, Mati Iturralde lehen arretako medikua eta Jule Goikoetxea politika publikoetan eta estatugintzan aditua. Azkenik, mugimendu feministaren ordezkari gisa, Josebe Iturrioz eta Naia Torrealdai joango dira eta koordinazio teknikoa Zuriñe Rodriguez ikertzaileak egingo du.
Lehen lan-saio horretan mahaiaren helburuak, metodologia eta lan-kronograma bat ezarriko dira. "Badakigu hau ez dela bi eguneko gauza izango horregatik oinarriak ondo finaktu nahi ditugu", dio Torrealdaik, "Mugimendu feminista bere indar guztiak honetan jartzen ari da. Arduratsuak gara, eta neurrira egongo gara ", amaitu du Iturroizek.