Oholtza gainean harrapatu ditu Harri, orri, ar antzezlaneko aktoreak koronabirusaren zurrunbiloak, tartean Josune Velez de Mendizabal (Gasteiz, 1977) aktorea ere. Beste milaka sortzaile eta kulturgileren antzera, bertan behera utzi beharko dituzte hurrengo asteetarako saio eta proiektuak. Kezkaz bizi dute, erakundeetatik neurri sendorik hartu ezean, sektoreari kolpe latza aurreikusten baitiote. Itxialdiak iraun bitartean, baina, ez dira geldi sortzaileak; etxean lana prestatu eta handik hedatzeko egitasmoak ugaritu dira bazterretan.
Joan den ostegunean izan zenuten azkeneko saioa 'Harri, orri, ar' antzezlanarekin, ezta?
Bai, Dferian izan zen, Donostiako arte eszenikoen azokan, Principal antzokian. Oso saio inportantea izan zen, han Euskal Herriko eta Espainiako antzerki eta dantza programatzaileak biltzen direlako. Erakusleiho garrantzitsua da edozein antzezlanentzat; programatzaileek lana ikusi eta horren arabera erabakitzen dute obra gustuko duten, interesatzen zaien, kontratatu nahi duten... sektorean harremanak bultzatu eta bitartekaritza lana egiteko topaleku aproposa da. Baina gurea ez zen ondo atera, besteak beste, koronabirusaren itzala bertan genuelako eta horren aurretik hainbatek alde egin zutelako jaialditik. Gure ikuskizuna –El patio de mi casa/ Harri, orri, ar– otsailean estreinatu genuen Gasteizko Principalean, ondoren Arriagan eta Durangon izan gara, eta Donostian ziren hurrengo emanaldiak. Honetan ilusio handia jarri eta lan handia egin dugun arren, koronabirusak eten dizkigu horiek. Orain zalantza dago berriro programatuko dizkiguten edo ez.
Zure kasuan, beste lan batzuk ere bertan behera geratu zaizkizu?
Pez Limbo taldearen zabalpen eta komunikazio lanak egiteaz gainera, aktore ere banaiz bi ikuskizunetan. Ekitaldi desberdinen aurkezpenak egiteko ere deitu ohi didate, eta nire bakarkako ikuskizunak ere egiten ditut Nisune eta Tranpola konpainia propioekin. Martxoko ekitaldi guztiak bertan behera geratu dira, eta apirilekoak seguruenik ere; hilabete honetan zortzi saio izango dira galduko ditugunak, eta baita institutuetan egiten ditugun bitartekaritza proposamenak ere. Ikuskizun hauetan guztietan hamalau bat lagun ari gara, baina hau kate bat denez beste hainbat laguni ere eragingo die zeharka bada ere. Orain gure lan egoera kolokan dago; guk emanaldi bakoitzeko kobratzen dugu, eta emanaldia egiten ez bada ez da kobratzen... Eta gure antzera inguruko sektoreko lankideak ere, noski. Arnasa hartzen ari gara etor daitekeenerako.
Egun asko luzatzen bada, nolako aurreikuspena egiten duzue?
Pez Limboren kasuan Aldi Baterako Lan Erregulazio Espedientea baloratzen ari gara; kultura arduradunek iragarriko dituzten neurrien zain, aukera bat izan daiteke inor kaltetua atera ez dadin. Zer salduko dut, programatzen ez bada? Ez dakigu noiz arte iraun dezakeen honek. Eta aktore moduan beste hainbeste, boloak bertan behera geratu dira "normaltasuna" berreskuratu arte, eta orduan ikusi beharko dugu... Zaila ikusten dugu sektoretik datak berrantolatzea; izan ere, antzoki eta elkarteek euren egutegiak dituzte eta denboraz programatzen dute. Egoera normal batean, batzuei deitu eta ordurako osatuta dute udazkenera arteko agenda, beraz... Orain berriz antolatzea bidean geratu diren ikuskizunak, noizko? Udazkenerako? 2021erako? Antzoki bakoitzaren kontratuari erreparatu beharko zaio.
Bada sortzaile eta kulturgileak babestuko dituen neurririk?
Horretan ari gara, goiz da ziurtatzeko. Ezohiko egoera den heinean, bideak bilatzeko lanetan gabiltza. Bilerak, eskaerak... besteak beste, Artekale martxan jarri da bestelako elkarteekin –ADDE, Eskena, EAB eta Besteok– galeren datuak eta ondorioak jasotzeko.
Bien bitartean, etxean jarraitzen duzue lanean, ezta?
Maiatzaren 19an Kittorik ez! ikuskizuna estreinatzeke dugu, eta aste honetan bertan Garaionen beharko genuke Jason Guerrak, Ane Gebarak eta hirurok hori prestatzen, erresidentzian. Gure egutegietan oso garrantzitsua zen astebeteko egonaldi hau entseguetarako. Inprobisazio ariketen bidez lan egiten dugu, eta orain egoerak etxean eserita eta mahai gainean lan egitera behartu gaitu. Horrek eragina izango du produktuan. Guk erabiltzen dugun metodoa ez da gidoia idatzi eta egitea, baizik eta gorputzetik sortzea, alegia ariketa fisikoetatik, organikoetatik hasi eta ondoren testua gehitzea. Egoera honek asko zailtzen du prozesua, baina ahalegina egiten ari gara skype bidez ere lanak mantentzen; goizero elkartzen gara, pantailaren bitartez bada ere, lanari bultzada bat emateko.
Hainbat musikari sareen bitartez kontzertuak eskaintzen ari dira. Beste egitasmo batzuk sortzeko parada izan daiteke?
Bai, txalotzen dut egun hauetan aktoreek, dantzariek, abeslariek eta oro har kultura munduak izan duen erantzun sortzailea. Berrasmatzen ari gara. Sortzen jarraitzen dugu, oholtza gainera bueltatzeko zain, ea noizbait benetako publikoarekin (ez birtualarekin) berriro egiteko aukera dugun. Berandu baino lehen izan dadila.