Koronabirusa

Aldundiak Apdemako egotetxeak bere esku har ditzan eskatu dute

Erredakzioa 2020ko mar. 20a, 20:36

Apdemaren egoitza nagusia, Gasteizen. / Google Maps

Elkartearen baliabide eskasak kontuan hartuta, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak (GOFE) bere esku har ditzan eskatu dute langileek. Apdemako pisuetan kutsatutako hiru pertsona eta kasu susmagarri gehiago antzeman dituzte.

Adimen Ezintasuna duten Pertsonen aldeko Arabako Elkarteko (Apdema) langileek kudeatzen dituzten pisuetako egoera delikatua azaldu dute: adimen ezintasuna duten pertsonentzako hamaika etxebizitza kudeatzen ditu, eta hiru kasu positibo dituzte.

Horrez gain, 15 langile bajan daude, eta sintomak dituzten beste hainbat pertsona isolatzen saiatzen ari dira, zailtasun handiekin.

Lehenik eta behin, sintomak dituen egoliar guztiei koronabirusaren proba egitea eskatu du LAB, ELA eta CCOO sindikatuek osatutako enpresa batzordeak, egoliar eta langileak kutsatzea ekiditeko.

Gainera, Arabako Foru Aldundiaren zentroak prestatzea nahi dute, positibo ematen duten pertsonak bertan artatzeko, "ezinezkoa delako pertsona hauek isolatzea bizi diren etxebizitzetan". Izan ere, azaldu dutenez, hamar egoiliar bildu ohi dira 90 metro karratuko etxebizitzetan, eta logela horietako asko bikoitzak dira.

Bestalde, gaixotasuna duten pertsonentzako osasun langileak kontratatzea ere proposatu dute, Norbera Babesteko Ekipamenduak (NBE/EPI) hornitzearekin batera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago