Mercedes-Benzek Gasteizen duen lantegiko zuzendaritzak ostiral goizean jakinarazi dio langileen batzordeari "ezinbesteko kausagatik" aldi baterako enplegua erregulatzeko espediente bat (ERTE) ezartzeko asmoa duela. Ekoizpena geldiarazteko agindua eman zenetik sartuko litzateke indarrean, hau da, astelehenetik.
"Ezinbesteko kausaren" ereduaren arabera, enpresak ez luke langileekin negoziatu behar; horrez gain, ez lituzke lan kostuak ordaindu behar, ezta gobernuak eskaintzen duen %70eko osagarria ere.
Enpresa eta sindikatuak datorren asteartean bilduko dira, 10:00etan, ERTEaren xehetasunak negoziatzeko; langileen ordezkariek enplegua bermatzea eskatuko diote enpresari, baita langileek jasango duten eragin ekonomikoa murrizteko osagarriak ere.
Mercedeseko langileen batzordeak hitzarmenean adostutako malgutasuna baliatzea proposatuko du; izan ere, produkziorik gabeko egun batzuk aurreikusten ditu hitzarmenak. Urte osoko lan egutegian aldaketak egitea ere proposatu dute sindikatuek. Gaur egun, 5.000 langile inguruk lan egiten dute Mercedesen, zeharkako lanpostuak kontuan hartu gabe.
Michelin: ekoizpena etenda, bi astez
Bestalde, 3.300 langile inguru dituen Michelin fabrikako ekoizpena bi astez geldituko da oraingoz. Ostiral arratsaldean, jarduera hilabete amaierara arte etengo dela iragarri du enpresak, hasieran zortzi eguneko epea ezarri zuen arren.
Zuzendaritzak aldi baterako enplegua erregulatzeko espediente bat planteatu zuen hasieran, antolaketa eta ekoizpen arrazoiak argudiatuta, koronabirusaren ondorioz jardueran izandako beherakada dela eta. Datorren astelehenean bilduko dira berriro, xehetasunak aztertzeko.
Langileen ordezkariek inbertsioak eta enplegua mantentzeko bermeak eskatu dituzte; baita langabezia prestazioaren soldata osagarriak ere. Halaber, enpresak planteatzen duen ERTEak oporrei, aparteko ordainsariei zein txanda kontratuei ez eragitea ere eskatu dute.