Egunetik egunera babes txikiagoko NBEak erabiltzen ari direla dio LAB sindikatuak: "Azalpen bakarra da babes ekipamenduen falta kezkagarria estaltzeko hau egiten ari direla".
Sindikatu honen arabera, langile askok zigorren mehatxua jaso dute babesik gabe lan egiteari uko eginez gero. Zentzu horretan, ekipamenduen kudeaketa "arduratsua" eskatu dute, eta "irizpide bakarra" esposizio maila izatea.
Bestalde, ESK sindikatuak salatu du zenbait ospitaletan langileei ez zaiela maskararik ematen, langile eta txanda bakoitzeko bakarra dutela edo txanda batetik bestera "birziklatu" behar direla.
Halaber, LABen arabera, protokoloak intranetean zintzilik daudela argudiatzen du zuzendaritzak: "Langile bakoitzak bere gain hartu behar duela protokoloa irakurtzeko ardura, lanpostura joan baino lehen". Hala ere, protokoloak "egunetik egunera" aldatzen ari direla salatu du sindikatu abertzaleak, eta "nahasmena izugarria" dela deritzo.
"Informazio faltak eta NBE egokien faltak arriskuan jartzen dute Osakidetzako langileen osasuna, baita herritar guztiena ere", adierazi du sindikatuak, eta egoera horrek langileak birusaren "transmisore nagusiak" bihurtu ditzakeela ohartarazi du.
ESKk "konpromiso argia" eskatu dio Osasun Sailari: "Osakidetzan zerbitzua ematen duten kategoria guztiei ezinbestekoak diren NBEak ematea, eta osasun langileentzako hornidura bermatzea". Azpikontrata pribatuetan lan egiten duten pertsonak, garbiketako langileak edota osasun-garraiolariak ez diskriminatzea exijitu du sindikatuak.
Era berean, Munduko Osasun Erakundearen (MOE) jarraibideek gomendatzen duten bezala, koronabirusaren testa profesional soziosanitario guztiei egitea berma dezala eskatu dio ESK sindikatuak Osakidetzari.
400.000 maskara eta 3.000 txabusina
Ostiralean bertan jakinarazi du Osakidetzak 400.000 maskara eta 3.000 txabusina banatuko dituela osasun langileen artean. Ekipamenduen eskasia konpontzea Osasun Sailaren lehentasuna dela azaldu du saileko Plangintza Sanitarioko arduradun Mikel Sanchezek.