Azken 24 orduetan, 7 pertsona hil dira Araban koronabirusarekin, eta guztira 55 hildako utzi ditu birusak gure herrialdean. Mikel Sanchez Eusko Jaurlaritzako Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak jakinarazi duenez, 98 kasu positibo gehiago izan dira ordu hauetan; guztira, 801, eta horietatik 254 ospitalizatuta daude.
Bestalde, bertan iragarri duenez, bisita-sistema birtuala jarri da martxan, ospitalean dauden pazienteen eta euren senideen artean tablet edota telefono bidezko komunikazioa ahalbidetzeko. Jakinarazitakoaren arabera, gaur bertan abiatu da ekimena Araban (Txagorritxun) eta datozen egunetan sare osora hedatuko da.
Kutsatze-tasa
Arabako azken egunetako datu esanguratsuenen artean, Bastidako kutsatze-tasa dugu: bertan 14,53 kasu positibo daude 1.000 biztanleko, batez bestekoa baino askoz altuagoa. Ideia bat egiteko: Gasteizko kutsatze-tasa, aipatu dugun bezala, 2,01ekoa da; eta Araba osoan, 1,91koa.
Bitartean, koronabirusak kolpatu dituen Europako beste zonalde batzuetan tasa baxuagoa dute: 1,76koa Lombardian eta 1,02koa Madrilen. Txinako epidemiaren foku nagusia izan den Wuhanen kusatze-tasa 1,16koa da.
801 kasu positibo Araban
Araban 801 kasu positibo antzeman dira orain arte, eta Gasteiztik kanpoko beste udalerri arabarren datuak ere ezagutu ditugu azken orduetan -datu hauek ostegun goizekoak dira, eta horregatik ez datoz guztiz bat positiboen datu totalekin-:
- Bastida: 21.
- Laudio: 11
- Agurain: 5
- Dulantzi: 4
- Iruña Oka: 4
- Legutio: 4
- Oion: 4
- Amurrio: 3
- Urkabustaiz: 3
- Aiara: 2
- Barrundia: 2
- Kanpezu: 2
- Zigoitia: 2
- Aramaio: 1
- Arraia-Maeztu: 1
- Burgu: 1
- Samaniego: 1
- Donemiliaga: 1
- Zuia: 1
Zerrenda honetatik kanpo geratu da Trebiñu; izan ere, Gaztela eta Leongo erakundeek ez dute oraingoz horren inguruko datu ofizialik eskaini.
Eguneratutako azken datu ofizialen arabera, 208 kasu positibo daude Burgosen, eta autonomia erkidegoan gehien kaltetutako zonaldea da probintzia hori. Hala ere, momentu honetan ez dago Trebiñuko datu zehatzak ezagutzeko modurik.

