Egunotan bizi dugun egoerak nolako bilakaera izango duen aurreikustea zaila da benetan, eta lehenbailehen gure eguneroko bizimodura bueltatu ahal izatea espero dugu. Bien bitartean, ALEAko lantaldean gure eguneroko jardunari eustea erabaki dugu, herritarrei informazio gaurkotua eta zehatza eskaintzea beharrezko dela sinestuta baikaude.
Zailtasunak zailtasun, ahalik eta jarraipen zehatzena egiten saiatuko gara egunotan.
Izan ere, mezu kontrajarri eta albiste faltsuak neurrigabe zabaltzen diren momentu hauetan, kazetarioi dagokigu benetako informazio zehatz eta argien berri ematea.
Helburu horrekin, informazio gaurkotua ohiko kanalen bidez eskaintzen saiatuko gara: webguneko atal berezian zein sare sozialetan azken orduko albisteen berri ematen jarraituko dugu, etengabe, eta aldizkariari dagokionez berriz, ahal den neurrian betiko martxa mantentzen saiatuko gara. Jakin badakigu egoera ezohikoa dela, eta ez dakigu zein neurriraino izango den bideragarria aldizkariak behar bezala banatzea. Esan beharrik ez baitago langileon segurtasuna bermatzea ezinbesteko baldintza dela kasu guztietan.
Modu honetan, eduki artean nabigatu eta astero paperean egiten dugun lana ezagutzera gonbidatu nahi zaituztegu.
Egoera honetan, eta etxean emango dugun denbora arintzeko lagungarria izango delakoan, aldizkaria formatu digitalean irakurle guztiontzat eskuragarri jarri nahi izan dugu. Bai aste honetako 231. zenbakia, eta baita azken hilabeteotan zehar argitaratu ditugun aldizkari guztietara sarbidea ere. Bertan aurkituko dituzue denboraz kanpoko dozenaka eta dozenaka erreportaje, elkarrizketa, bitxikeria, etabar.
Eta ezin ahaztu, guzti hau ez litzatekeela posible izango ALEAkide guztion babesik gabe. Zuen ekarpen eta harpidetzei esker eskaini baitezakegu gertuko informazioa, euskara hutsean; eta sostengu horri esker egiten du ALEAk aurrera, baita momentu zailetan ere.
Mila esker guztioi, eutsi goiari, eta zaindu!