Mercedeseko langileen plantea da, ez osasuna arriskuan jarrita kosta ahala kosta lantokietan ekoizpenari eutsi nahi diotenen marmarra. Nekeari gailenduz onena ematen ari diren Osakidetzako langileen ahalegina da, ez inposatutako errege baten hitz ahituak. Milaka lagunek sare herritarretan parte-hartzeko egin duten urratsa da, ez ibilgailu militarren noraez galdua hirian barrena. Salbuespena ohiko bihurtu zaigun garai ilunotan, apartekoak distira egiten du. Irudimenaren, ausardiaren eta babesaren irudiak dira. Irtenbide komunitario baten elkartasuna islatzen dute, Araban eta Euskal Herri osoan, kanpotik ezarritako logika militarrari gailenduta.
Larrialdiak gertatzen direnean, eta COVID-19ak sortutakoa ez da nolanahikoa, beti dago norbait, neutraltasuna aitzakiatzat jarrita, bere ikuskera eta programa politikoa gailentzen saiatzen dena. Espainiar Estatuak Alarma Egoera ezartzearekin batera, “hau ez da mugen afera bat” esan zuen Portugal, Maroko eta Frantziar Estatuarekin mugak itxi baino bi egun lehenago. Noski muga afera dela tarteko, bestela zelan ulertu Hego Euskal Herrian konfinamenduan sartu izana Ipar Euskal Herrian hautestontziak irekitzen ziren egun berean? Zelan ulertu Gasteiz itxi ez izana ditxosozko birusa hedatzen ari zen bitartean? Osasun adituek esandakoa jarraituz egin omen da dena, nola ez. Kuriosoa da, ordea, nola adituek botere esparru bakoitzean ñabardura erabakigarriak izan dituzten, lekuko botere politiko-ekonomikoei egokituak beti ere.
Estatuaren ingurumarian ezarri dira neurriak, agintari autonomikoen (periferiko eta menpekoen) erabakien gainetik. Ez du inporta izan Kataluniak itxiera eskatu izana, ez du inporta izan EAEn osasun larrialdia abian egotea. Guztiontzat neurri berberak, brotxa lodia. Eta lengoaia eta logika militarra nagusi, “fronte sanitarioa” “birusari bataila” eta “azken garaipena” Sanchezen ahoan, baliabide sanitarioen eta elkarren zaintzaren ordez kanoiak baliagarriak balira bezala. Noski, hortik militarren hedatzearen erakustaldira pausu txiki bat besterik ez zegoen. Urteak daramatza estatuak bere larrialdietarako militarren unitatea (UME izenekoa) elikatzen, hornitzen, gertakari egokiaren zain. Aukera ikusi eta militarrak paseoan jarri, biak bat.
Esango nuke gasteiztar, arabar eta, oro har, euskal jendarteak baduela segurtasun baliabide nahikorik ezarri diren edo ezarri daitezkeen neurriak betearazteko. Are gehiago, esango nuke azpimarragarria dela gure jendarteak erakutsi duen heldutasuna, bai egoeraren larritasunaz jabetzerakoan, bai elkarren zaintza eta elkarlanerako erakutsitako grinarekin. Oso kontuan hartzekoa da egun gutxitan, soilik Gasteizen, 2.000 pertsonatik gorako zaintza sare herritarra sortu izana. Babes zibila ezarpen militarraren aurretik. Instituzio, eragile eta herritarren ekimenak osagarri, kooperazioa eta koordinazioa oinarri. Ez da onargarria Araban, eta bereziki Gasteizen, baliabide sozio-sanitarioak behar direnean, Estatutik bidalitako lehen baliabidea, militarrak izatea.
"Azpimarragarria da gure jendarteak erakutsi duen heldutasuna"
Dena den, kezkak bere horretan dirau. Araban, eta bereziki Gasteizen, egoera konplikatua da. Osasungintza sistema bere mugetan dago gaur-gaurkoz. Osakidetzatik kontingentzia planak izan badituela jakitun, EH Bilduk Arabari begira bi proposamen zehatz helarazi nahi dizkio Jaurlaritzari.
Lehenik, Gasteizko Ospitale pribatuak bere osotasunean Osasun Publikoaren mesedetan jartzea segituan. Momentuz, behintzat, Covid-19arekin zer ikusia ez duten bestelako gaixotasun eta larrialdiak tratatzeko. Jaurlaritzak badu horretarako eskumena, eta ahalik eta azkarren hartu behar da neurri hori
Bigarrenik, eta ikusirik osasungintzaren baliabideak muga jotzen hasia dela, eraikitze fasean dagoen, eta urte bukaerarako irekitzea aurreikusita dagoen Zerbitzu Orokorretarako eraikinari dagokionez, urgentziazko plan bat osatzea bertan aurreikusita dagoen UCIa behintzat ahalik eta azkarren erabilgarri egon dadin. Ez dugu Txinan bezala ospitale bat 10 egunetan eraikiko, baina honezkero eraikita dagoen eraikin baten zati bat ahalik eta azkarren erabilgarri jartzeko gaitasuna erakutsi beharko genuke behintzat.
Gure aldetik Arabako gizartea zoriondu nahi dugu krisi honen aurrean erakusten ari den jarrera arduratsu eta eredugarriarengatik. Etengabe Arabako herritarrek agintariei aurre hartu diete birusaren zabalpena murrizteko neurriak hartzerakoan. Lehenik, Jaurlaritzatik inolako neurririk hartu aurretik, tabernari, ostalari eta dendari askok euren negozioak itxi zituzten arriskua ekidite aldera. Bigarrenik, konfinamendu neurriak oraindik ere ezarri gabe zeudenean, elkartasuna eta zaintzak erdigunean jarriz, milaka eta milaka herritar zaintza sareetan antolatu dira herrialde osoan zehar, egoera ahulenean daudenei babes komunitarioa ematearren. Eta, azkenik, ekonomia-produkzioa eta osasunaren arteko eztabaida aurreikusita, Arabar langileriak argi izan du lehen momentutik orain osasuna dela lehenetsi beharreko eremua eta norabide horretan eredugarriak izan dira Mercedes, Tubos Reunidos edota Aernnovako langileek emandako erakustaldiak enpresen itxiera lortzeko.
Bestetik, esker berezia eman nahi diegu momentu zail honetan gizartearen sostengu nagusi bilakatu diren profesional guztiei. Osasungintzan bere onena ematen ari diren mediku, erizain eta langile guztiei. Premiazkoak diren zerbitzuak bermatzeko esfortzu berezia egiten ari diren herritarrei, horniketa kateak sostengatzen ari direnei: elikagaiak, farmaziak, zerbitzu sozialak, garraioa…
Bere onena ematen ari diren lagun hauentzat guztientzat babes pertsonalerako tresnak baliatzea ezinbestekoa da, ezinbestekoa da beharrezkoak diren EPI guztiak lortzea, bereziki gaixotuekin egunerokoan kontaktuan dauden horientzat. Gizarte osoaren mesedetan lanean dauden horiek babesa behar dute, eta horrek instituzioentzat erabateko lehentasuna behar du izan.
"Esker berezia eman nahi diegu momentu zail honetan gizartearen sostengu nagusi bilakatu diren profesional guztiei"
Une honetan argi izan behar dugu osasuna, norbanakoarena eta guztiona, beste ezeren gainetik jarri beharrean gaudela, eta esfera produktibo-ekonomikoa krisia gainditzearen menpe utzi. Lehentasuna krisi sanitarioa gainditzea da, inor bazterrean utzi gabe, eta gero bai, gero helduko beharko diogu dudarik gabe etorriko diren kalte ekonomikoak gainditzeko neurriak zehazteari, beti ere “pertsonak lehendabizi” lelopean.
Amaitzeko, honen guztiaren ondoren eraiki beharko dugun etorkizunean, egunotan ikusitako ehunka ezohiko irudi horiek egin beharko ditugu geure normaltasun berriaren parte. Ospitaletan, arreta zerbitzuetan, lantokietan, eta, batez ere, etxean onena ematen ari direnen balioak bihur daitezela geure jendartearen iparorratza. Ardura kolektiboaren erakustaldi hau izan dadila eraiki nahi dugun geroaren hitzaurrea.