Koronabirusa

Kutsatutako 621 kasu zenbatu dira Araban

Erredakzioa 2020ko mar. 19a, 13:06

ELA eta LAB sindikatuen agerraldia, Txagorritxun. / ALEA

Osakidetzako erizain bat hil dela jakinarazi du lehendakariak; Eusko Jaurlaritza prebentziorako aplikazio bat garatzen ari da, mugikorrerako.

Agerraldia egin dute Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Nekane Murga Osasun sailburuak, koronabirusaren bilakaeraren berri emateko. Araban kutsatutako 621 kasu positibo zenbatu direla jakinarazi du; horietatik 224 ospitalizatuta daude eta 35 zendu dira. Azken 24 orduetan zortzi pertsona hil dira Gasteizen.

Osakidetzako erizain bat hil dela adierazi du ere lehendakariak, sei egunez Bizkaiko ospitale batean egon ostean. Koronabirusagatik hildako lehen osasuneko profesionala da. Dolumina helarazi diete familiari, lankideei eta Osakidetzako profesional guztiei, eta haien konpromisoa gizarte osoarentzat eredugarria dela adierazi du.

Gaurtik aurrera, Osasun Sailak datu horiek guztiak eguneroko informazio-buletin osoago batean bildu eta argitaratuko ditu, koronabirusak Euskadin izan duen bilakaeraren azterketa zabalagoa egin ahal izateko. Buletin hori egunero argitaratuko da webgunean, herritarrei eta komunikabideei informazio gehiago emateko.

Bestalde, Nekane Murga Osasun sailburuak neurriak betetzeko beharra azpimarratu du: «Adituek esaten dutenez oraindik ez dugu goia jo, eta zorrotz bete behar dira badaezpadako neurri guztiak». EAEn positibo eman zuten hemezortzi pertsona sendatu direla ere esan du.

Era berean, Urkulluk "konpromisoa" eskatu dio gizarteari, badaezpadako neurriak errespeta ditzaten: "Prebentzioa da birusari aurre egiteko tresnarik onena". Horretarako, Eusko Jaurlaritza mugikorrerako aplikazio bat garatzen ari dela iragarri du, Korean egin zuten moduan, eta datorren asterako prest egongo dela aurreratu du.

Prebentziorako aplikazio berria

Kasuen prebentzio-, jarraipen- eta identifikazio-lana indartzeko helburuarekin, mugikorrerako aplikazio bat lantzen ari da Eusko Jaurlaritzak. Aplikazio honen bidez, erabiltzailea erregistratu, hurbilen dituen kontaktuak txertatu eta haien osasun-egoera gorde ahal izango du. Pertsonak prebentzio-neurriez eta haien osasun-egoeraren jarraipenaz kontzientziatzen ere lagunduko du.

Datorren astetik aurrera izango da eskuragarri, eta medikuntzako eta datuen babeserako berme guztiak izango ditu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago