Joan den astean, ikastetxe guztietan aurrez aurreko eskolak aldi baterako etetea erabaki zuen Hezkuntza Sailak. Orduko aginduan, 14 eguneko itxialdia ezartzen zuen; gaurkoan, ordea, etetea beste abisu bat eman arte luzatuko duela jakinarazi du.
Hezkuntza Sailaren oharraren arabera, "gertaeren bilakaera" eta agintariak hartzen ari diren neurriak dira erabaki hori hartzeko arrazoia. Ikastetxeei eta gurasoei helarazitako gidalerroek indarrean jarraitzen dutela gaineratu dute. Era berean, osasun-agintarien gomendioak zorrotz bete behar direla gogoratu dute, "jardueraren normaltasunari ahalik eta lasterren berrekin ahal izateko".