Konfinamendua. Duela hilabete bat amestu ere ezin zuten agertokian daude gaur arabarrak. Eusko Jaurlaritzak martxoaren 9an Odon de Apraiz eta Bastidako ikastetxeetan klaseak etetea erabaki zuenetik martxoaren 14an Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri zuen arte, arrapaladan datoz gertaerak. Herrialdeko jarduera soziala, kulturala, ekonomikoa, administratiboa eta politikoa geldiarazi ditu koronabirusak. Izoztu da Araba osoa, gaitzaren erasoari aurre egin ahal izateko.
Koronabirusaren krisi honetan herritarrek aurrea hartu dute, eta beren osasuna eta ingurukoena lehenetsi dute beste ezeren gainetik. Horren erakusle nagusia Mercedes enpresaren itxiera izan da. Langileen plantoaren ostean, EAEko enpresa handienaren zuzendaritzak ekoizpena gelditzea erabaki du. Alta, bost mila langile horien aurretik, eta alarma egoerari itxoin gabe, ateak ixtea erabaki zuten, besteak beste, Aiztogile kaleko tabernariek; eta langile autonomo askok euren kabuz hartu zuten jarduera eteteko erabakia, administrazioen neurriei itxaron gabe. Astean zehar, gutxika, alor ezberdinetako beste enpresek ere ateak itxi dituzte eta administrazioaren aurrez aurreko arreta ere eten da.
Bestalde, zaintzaren alorreko hutsuneak agerian utzi ditu krisiak, eta maila horretan ere herritarrak dira behar bereziak dituzten lagunak babesteko neurriak hartu dituztenak, tartean adinekoak eta ezinduak. Gasteizen, 1.500 pertsona inguru parte hartzen ari dira Batera izeneko zaintza sare herritarrean, eta Zuian eta Agurainen ere martxan jarri dira bereziki adineko jendea laguntzeko taldeak. Beste hainbat udalerritan eta herri txikiagoetan bizilagunen artean antolatzen ari dira, oinarrizko erosketak egin ahal izateko eta elkar zaintzeko.
San Martin adinekoen egoitza, kaltetuena
Koronabirusaren eraginez, Araban hil diren lagunetatik zortzi Sanitas-San Martin adinekoen egoitzan bizi ziren; gainera, bertako beste 43 adineko ere kutsatuta daude eta 25 langile isolamenduan dituzte. Martxoaren 8tik darama egoitzak itxita, berrogeialdian. Egun horretan, Sanitasek azaldu zuen 22 adinekori eta lau langileri koronabirusa atzeman zietela. Ordutik, kutsatutakoen zenbatekoak gora egin du nabarmen. Egoitzan jazotako lehen positiboa Txagorritxuko ospitalean ingresatuta egondako gizon bat izan zen, eta otsailaren 29an ordu batzuetarako itzuli zen egoitzara, okerrera egin zuen arte. Gasteizko koronabirusaren "zero pazientea" bertako doktore bat izan zen.
Elkartasun sareak, lurralde osoan
Herriz herri antolatu dira herritarrak, bereziki behar handiena duten herritarrei etxeko errekaduekin edota zaintza lanekin laguntzeko. Koronabirusak sortutako egoeraren aurrean, zaintza komunitarioa antolatu dute, besteak beste, Agurainen, Gasteizen, Zuian eta Aramaion; Kuartangon, Zanbranan eta Erriberabeitian, berriz, udalek antolatu dute elikagaiak eta botikak banatzeko modua. Halaber, Arabako Errioxako Kuadrilla beharrezko produktuen etxez etxeko hornidura-zerbitzua eskaintzen ari da berrogeialdian daudenei. Arabako Diputazioak ere koronabirusari aurre egiteko neurriak eguneratu eta Etxean Zurekin programa abiatu du, mendekotasuna duten pertsonei etxeko laguntza emateko.
Komikiak eta ipuinak sortzeko deia
Arabako Errioxako Kuadrillak, berrogeialdia eramangarriagoa izan dadin, gazteentzat komiki lehiaketa bat eta helduentzat kontaketa laburreko beste bat antolatu ditu. Komiki-lehiaketa, 13 urtetik beherako gazteentzat da. Gutxienez 30 bineta bete beharko dira, eta horietan berrogeialdiaren eszenak jaso behar dituzte. Istorioko protagonista egilea bera izan behar da, euskaraz edo gaztelaniaz egin daiteke, eta eskuz edo ordenagailuz. Helduentzako kontaketa laburretan ere berrogeialdiaren ingurukoak jaso behar dira, eta mila hitz baino gutxiago idatzi. Martxoaren 31n amaitzen da lanak entregatzeko epea; eta claguardia.aitor@ayto.araba.eus posta elektronikora bidali beharko dira.
Pilaketatik lasaitasunera
Dendetan giro lasaiagoa atzeman dute langileek azken egunotan; iragan asteko pilaketaren ostean, zentzuz jokatzen ari dira orain Gasteizko herritarrak. Sergio Monge Ortegak Salburuko BMko kutxetan lan egiten du. "Orain jendea askoz lasaiago dago, erosketa arruntagoak egiten ditu, ez aurreko egunetako astakeriak. Jendeak beldurra zuen, ikusi zuen telebistan supermerkatuak hutsik zeudela eta histeria kolektibo kutsakorra zabaldu zen", azaldu du. Beraz, lehen egunetako pilaketari aurre egiteko ordu gehiago lan egin behar izan dute langileek: "Ordu gehiago geratu behar izan gara supermerkatua hornitzeko". Egun hauetan ere babes neurriak zorroztu dituzte supermerkatuetan.
Zergak ordaintzeko epeak luzatu dituzte
Gasteizko Udalak hainbat zerga ordaintzeko epea luzatzea erabaki du, eta irailaren 15era arte ordaindu ahal izango dira Ondasun Higiezinaren zerga, Ibilgailuen zerga eta Zaborraren tasa. Hiru zerga hauek maiatza eta ekaina artean ordaindu behar ziren. Gorka Urtaran alkateak adierazi duenez, "koronabirusaren osasun krisiak ekarriko dituen balizko kalte ekonomikoak aurreikusiz, Udalak erabaki du epeak luzatzea". Jarduera Ekonomikoen zergari dagokionez, azaroan amaituko da ordaintzeko epea. Bestalde, TAO zerbitzua bertan behera uztea erabaki du Udalak, eta halaber tren geltokiaren eta Aldabe gizarte etxearen aparkalekuak ordaindu gabe erabili ahalko dira.
Osasun zentroetara deitu behar da orain
Araban, arnas arazoekin lotutako sintomak dituen herritar orok beren osasun zentrora deitu beharko du zuzenean. Orain arte, Osakidetzak horretarako prestatutako telefonora deitzea zen gomendioa. Sailburuak argitu duenez, Arabako osasun zentroen sarean, hiru zentro prestatu dira arnasketa-arazoei lotutako sintomak izan ditzaketen kasuak isolatzeko, eta prebentzio-neurri bereziekin artatzeko. 900 20 30 50 telefonoa erabat kolapsatuta dago. Asko dira kontaktuan jartzea lortzen ez duten sintomak dituzten pertsonak, eta, beraz, ezin dute ez diagnostikorik ez gomendiorik jaso. Hortaz, osasun zentrora deitzea eskatu dute, norbaitek sintomarik badu artatua izateko.