Covid-19 koronabirusaren ondorioz sortutako krisi-egoerari erantzuteko, Euskal Herriko mugimendu feministak mahai tekniko bat osatuko du, eta 48 orduko epea eman die Lakuako eta Nafarroako gobernuei, Euskal Elkargoari, euskal alderdi politiko nagusiei eta eragile sindikalei mahaian parte hartzeko prest dauden ala ez esan dezaten.
Gaitzari aurre egiteko hartzen ari diren neurriak ikusita, kezka adierazi dute mugimendutik, zaintzan izaten ari diren eragina dela eta: "Etxean geratzen gara konpentsazio ekonomikoko neurrien berri izan gabe, egoitzetan beste inor sartzea debekatu da baina ez zaigu azaldu mendekoak nola zaindu, ez dakigu zer gertatuko den osasunerako eskubiderik ez duten migratzaileekin, etxeko langile egoiliarrek etxeetan jarraitzen dute kutsatuak izateko arriskuan, indarkeriaren biktimak isolatuta geratzen dira eta erasotzaileengandik ihes egiteko aukerarik gabe". Horregatik, egoerari "erantzun eraginkor bat emateko", eragileen arteko koordinazioa ezinbestekoa dela adierazi dute.
Horren harira, Mugimendu feministak eragile gisa dagokion ardura bere gain hartu eta "zaintzekin, bizitzekin, emakumeekin eta genero disidentekin eta gizarte osoarekin" duen erantzukizun politikoa bermatuko du. Horretarako, "antolaketa kolektiboa" izan behar duela gogoratu du: "Une honetan alarma egoera ezarri da, eta ixtea eta konfinatzea agindu da, baina ez dago gobernu neurririk erantzun kolektibo bat emateko; erantzun indibidualak baino ez dira eman". Horregatik, mahai horretan, alderdiez eta sindikatuez gain, orain arte "baztertuak" izan diren gizarte eragileek parte hartu behar dutela esan dute: "Ezinbestekoa da zaintzarekin zuzenean lotutako kolektiboek eta eragileek parte hartzea: etxeko langileak, guraso elkarteak edo egoitzetako langileak". Era berean, zaintzaren, ekonomiaren eta medikuntzaren arloko adituek ere parte hartzen dutela ziurtatuko duela adierazi du Mugimendu Feministak: "Gure ustez, beharrezkoa da sozialki antolatzea, denon artean zaintzak antolatzeko, eta, aldi berean, ahotsik gabeko pertsonen beharrak agerian uzteko".
Zentzu horretan, beharrezkoa ikusten dute Mugimendu Feministaren ahotsa entzunaraztea. "Eta behingoz, Mugimendu Feminista solaskide baliagarritzat hartzea; izan ere, alferrik da politikariak eta erakundeetako ordezkariak martxoaren 8ko manifestazioetara joatea edo argazkiak ateratzea egoera politikoa aprobetxatuz, gero ez badira gai izango guri ahotsa, solaskidetza eta erabakitzeko gaitasuna emateko".
Indarkeria matxista
Azkenik, joan den astean eraildako bi emakumeak gogoratu dituzte, eta indarkeria matxista ere mahai tekniko horretan jorratuko dutela adierazi dute, "badakigulako zoritxarrez indarkeria matxista ez dela etengo, ez dela berrogeialdian jarriko krisi honetan zehar; are gehiago, larriagotu ere egin daiteke".