Bizi dugun salbuespen egoerari erantzunez, eta ALEAko lantaldea osatzen dugun kideok aho-batez hartutako erabakian, datozen egunotan ALEAren egoitza itxita egongo da; eta ahal den neurrian langileek beren eguneroko jarduna etxetik bideratuko dugu. Hortaz, irakurleei gurekin harremanetan jarri nahi izatekotan, ohiko kanal telematikoak erabilita egiteko eskatzen dizuegu.
Neurriak gaitzaren hedapena saihesteko hartutakoak dira, batetik, eta langileen segurtasun eta ongizatea bermatzekoak bestetik. Etxekoen zaintza lanak burutu behar dituzten langileen baldintzak malgutzea eta, orokorrean, lantaldeko kideen ongizatea zaintzea ezinbestekotzat jotzen dugu momentu honetan.
Jarraipena hedabidean
Hedabide bezala eta dagokigun gizarte erantzukizuna aintzat hartuta, herritarrek bizi dugun desinformazio eta larritasun egoeran lagungarri izan daitekeelakoan, ALEAko lantaldeak etengabeko informazioa eskaintzeko helburua berretsi nahi du.
Egunerokoan gertatzen diren albisteen jarraipena webgunean zein sare sozialetan burutuko da, eta egoerak baldintzatzen ez duen bitartean, aldizkaria argitaratzeko lanak ohikotasunez burutuko ditugu.
Edozein informazio helarazi edota gurekin harremanetan jarri nahi izatekotan erredakzioa@alea.eus helbidera idatzita egitea eskertuko genizueke.
Arabako ALEAko lantaldea