Lurraldeko enpresak Covid-19 koronabirusaren hedapenaren ondorioz jasaten ari diren eragin-maila ezagutu dute SEA Arabako Enpresek, martxan jarri duten behatoki baten bidez. Inkesta bat abiatu zuten martxoaren 11n, eta 10.000 langile dituzten 250 enpresari galdetu ondoren, agerian geratu da lau enpresatik batek %25etik gorako fakturazio-beherakada izan duela, gaixotasunak eragindako ondorioak direla eta.
Lehenengo emaitzen arabera, hamar enpresatatik zortzi birusaren eragina izaten ari dira; horietatik %23 modu garrantzitsu batean. Sektoreei erreparatuz gero, ostalaritza da kaltetuena: lurraldeko hotelen eta zenbait ostalaritza-establezimendutan erabateko eragina izaten ari da, eta horietako bostetik batean fakturazioa %75 baino gehiago murriztu da. Honen atzetik, industria-horniketa, altzari eta metalaren merkataritzan %89ko eragina izan du. Eraikuntzan, bestalde, enpresen %47 izan da kaltetua.
Enpresek galdetegi bat jasotzen dute aldizka, eta, hainbat parametroren bidez, gaixotasun horrek jardueran eragindako kaltea zehazten dute. Gainera, egoera horren aurrean dituzten kezka nagusiak zeintzuk diren erakusten dute, eta patologia horren ondorio kaltegarriak mugatzeko eraginkorrenak izan daitezkeen proposamenak nabarmentzen dituzte.
Enpresa-proposamenak
Datu hauen aurrean, hainbat irtenbide proposatu dizkiete Administrazio Publikoei. Besteak beste enpresei eta autonomoei zuzendutako finantza-laguntzen programa bat ezartzea, enpresen eta autonomoen maileguen kuotak ordaindu behar ez izatea eta lana eta familia bateragarri egiteko finantza-laguntzak erraztea eskatu dute.
Lanaren ikuspuntutik ere proposamenak luzatu dituzte: kontratuak aldi baterako eteteko laguntzak (ERTE) eta erraztasun handiagoa, aldi baterako ezintasunagatiko bajen kostuetarako laguntzak eta lana eta familia bateragarri egiteko laguntzak.