UAGA

Arabako nekazariek sektorearen etorkizunaren aldeko traktorada egin dute

Erredakzioa 2020ko mar. 12a, 19:42

Dozenaka traktore iritsi dira gaur Gasteizera prezioen jaitsiera salatzeko. Mobilizazioa deitu duen UAGA Arabako Nekazarien Elkarteak azaldu du ustiategien errentagarritasun krisiak eta merkataritza oztopoen ezartzeak bultzatu dituela protestara.

"Gure lanetik bizi nahi dugu", aldarrikatu dute Arabako nekazariek, Gasteizko kaleetan. Egungo egoerak helburu hori zaildu egiten duela salatu dute; lanpostu asko eta ingurunearen kontserbazioa arriskuan daudela salatu dute bertan, eta landa ingurunearen despopulazioari aurre egitearen beharra azpimarratu dute.

Arabako nekazariek argi dituzte egoera hau sortu duten faktoreak: "Ekoizpen kostuen etengabeko igoera, merkatuen desarautzea, eta nekazaritzaren zein abeltzaintzaren eredu sozial eta profesionalaren uberizazioa" salatu dituzte.

Espainiako Estatu osoan sektoreari eragiten dioten faktoreak dira horiek, baina Arabako herrialdean tokiko faktoreak ere salatu dituzte. Besteak beste, erremolatxaren prezioa "jasanezina" dela diote, eta horrek laborearen biziraupena arriskuan jarri duela azaldu dute.

Horrez gain, Errioxa ardoaren merkatuak dituen mehatxuak ere aipatu dituzte: Brexita, AEBetako muga zergak edo landaketa berriak. Basa-faunak laboreei eta aziendari eragindako kalteek gora egin dutela salatu dute, halaber. Eta produktu fitosanitarioei alternatibak topatzeko zailtasuna dagoela azaldu dute.

Espainiako Gobernuari eskatu diote nekazaritza aseguruei ekitea, ustiategietako energia kostuen murrizketa bultzatzea eta sektoreko enpleguaren kostuen areagotzea konpentsatzea.

Hurbilen dauden administrazioei -Eusko Jaurlaritzari eta Aldundiari-, ordea, sektorearen defentsan inplikatzeko eskatu diete, eta dituzten eskumenetatik, ustiategi profesionalak mantentzeko nekazaritza politikak jorra ditzaten.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago