Arabako koronabirus positiboen tasak Madrilgoa laukoiztu egiten du, eta okerrena da osasun sistema gainezkatzeko arriskuan dagoela. Horregatik, udalerri gehienetara zabaldu dira prebentzio eta euste neurriak.
Ostegunean, Covid-19ari aurre hartzeko neurriak eguneratu du Arabako Foru Aldundiak. Besteak beste, errentaren kanpainarako aurrez aurreko arreta irailera arte atzeratuko du Arabako Foru Ogasunak, eta online izapideak bultzatuko dituela iragarri du.
Horrez gain, neurri gehiago ezarri ditu Aldundiak, "kutsatuak ahalik eta gutxien izan daitezen"; eta aldi baterako eten ditu zenbait jarduera. Adibidez, aldi baterako eten du desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako okupazio-zentro eta eguneko zentro guztien jarduera, baita Arreta Goiztiarreko Zentroarena ere.
Neurri berriak Aldundiaren egoitza zentroetan
"Egoitzetan bizi direnak ez kutsatzeko" helburuarekin, neurri berriak ezarri ditu Aldundiak foru egoitza zentroetan: besteak beste, bisita ordutegia moldatu du adinekoentzako eta desgaituentzako foru egoitzetan, eta egunean ordubeteko bisita bakarra izango du egoitzan bizi den pertsona bakoitzak. Gainera, familiako kide berak joan beharko du beti bisitan, Aldundiaren irizpideen arabera.
Lanaldi malgua GOFEko langileentzat
Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak ere ezohiko eta behin-behineko hainbat neurri onartu ditu. Besteak beste, langileen lanaldia malgutu du, haien ardurapean dauden adin txikikoak eta menpekotasun egoeran dauden pertsonak zaindu ahal izan ditzaten. Soldatarik gabeko egunak hartzeko aukera ere izango dute.
Museoak eta kultura eta kirol ekipamenduak itxita
Foru titulartasuneko museoak eta Amarika aretoa ixtea erabaki du Aldundiak. Kirol arloan, Arabako federazioen jarduera guztiak bertan behera geratuko dira ere, martxoaren 13tik aurrera, "berriz has daitezkeela iragarri arte".
Prebentzio neurriak Zuian
"Pandemiak sortutako egoerari buruz erakunde ofizialek egindako gomendioen" harira, prebentzio neurriak ezarri ditu Zuiako Udalak, udal zerbitzu eta ekipamendu publikoetan.
Hortaz, hainbat jardueraren etetea agindu du: Bea Murgia etxea, udal kirol instalazioak, Oroko Andramariaren ikastetxeko zaintza zerbitzua, eskolaz kanpoko jarduerak, udal agenda, udalak antolatutako ekitaldiak, Musika Eskolako irakaskuntza, Eztiaren Museoa eta Oregi Etxea, besteak beste.
Beste hainbat zerbitzuk martxan jarraituko dute; adibidez, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak herritarrei eskainitako arreta zerbitzua edota Eguneko Arretarako Landa-Zentroa.
Asparrenako udal instalazioak eta zerbitzuak
Asparrenako Udalak "edozein motatako kultura, gizarte, kirol edota hezkuntzako talde jarduerak egiten diren udal instalazioak eta zerbitzuak" ixtea erabaki du, "aldi baterako eta beste abisu bat eman arte".
Ohar ofizialean azaldu dute udal eremuan kutsadura kasurik ez dutela antzeman, eta prebentzio neurrietan "parte hartze aktiboa" eskatu die herritarrei.
Neurri gehiago Arratzua-Ubarrundian
Arratzua-Ubarrundiako Udalak jakinarazi du, bertako ikastola bera ere itxi dela ikusita, neurri gehiago hartu dituela "koronabirusa gehiago ez zabaltzeko".
Sologana Gizarte Etxea itxi du, rokodromoa, KzGunea eta gimnasioa barne. Kirol eta kultura ekintza guztiak ere bertan behera geratu dira, ludoteka, kirol ekintzak, nagusien elkartze gela eta kultur ekintzak barne. Eta orientazio zerbitzua ere bertan behera geratu da.