Koronabirusa eteteko neurri moduan, Arabako elizbarrutiak bertan behera utzi ditu mezak apirilaren 3ra bitartean. Hileta elizkizunetan ere neurriak hartuko dituzte, eta lagun gutxi batzuk baino ezingo dute parte hartu agur erlijiosoan.
Juan Carlos Elizalde gotzainak nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailaren gomendioz, eten egingo dituzte hurrengo egunetarako eliza ospakizunak. Tenpluetan jendetza pilatzea saihestu nahi dute neurriarekin; ospakizunetarako salbu, halere, zabalik izango dira elizak fededunen otoitzetarako. Mezak sare sozialen bitartez emango dituztela jakinarazi dute; larunbatetik aurrera, Facebook eta Youtube bidez jarraitu ahal izango dira.