Astelehen goizean, aurreikusi bezala, EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos, PP, PSE eta Equo alderdietako ordezkariak bildu dira Iñigo Urkullu lehendakariarekin. Botoa emateko baldintzarik ez dagoela adostuta, hauteskundeak atzeratzea erabaki dute.
Hala onartuko du asteartean Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak. Hitzordu berria osasun larrialdi egoera eta alarma egoera amaitzen direnean egitea adostu dute; krisialdia gainditzen denean, posible den lehenengo igandean egingo dira.
Eusko Legebiltzarra itxita
Eusko Legebiltzarraren jarduera asteleheneko 14:00etatik aurrera etengo da; eraikinak zein instalazioak itxi eta bertan behera utziko ditu eskaintzen dituen zerbitzu guztiak. Premiazko neurriak hartu dituzte Eusko Jaurlaritzak aldarrikatutako osasun larrialdi egoeraren eta Espainiako Gobernuak ezarritako alarma egoeraren testuinguruan.