Arabak kasu eta kutsatu berri gehienak biltzen dituen lurraldea izaten jarraitzen du, otsailaren 28an lehenengo koronabirus kasua baieztatu zenetik hamabi egun igaro direnean. Asteazkenean bertan, koronabirusa pandemia izendatu du Osasunaren Munduko Erakundeak.
Egoeraren aurrean, Arabako Foru Aldundiak Covid-19ren gaineko neurriak eguneratu ditu asteazkenean. Adingabeen, desgaituen, gaixotasun mentalen, bazterkeriaren, eta genero indarkeriaren biktimen zentroei eragiten diete, baita mendekotasunaren balorazioari eta Etxeko Laguntza Zerbitzuari ere.
Neurrien artean, foru langileen lan ordutegia malgutu du Aldundiak, halaber, ikastetxeen itxieraren ondorioz, seme-alaben zaintza errazteko.
Ekitaldiak eta jarduerak bertan behera
Asteartean, espazio itxietan mila pertsona baino gehiago biltzen dituzten ekitaldiak debekatu ditu Espainiako Osasun Ministerioak, eta erabakiak eragin nabarmena izan du Gasteizen antolatuta zeuden ekitaldi handiengan, baina baita 500 pertsona edo gutxiago bilduko dituzten ekitaldi txikiagoetan ere:
"Komunitate-transmisio esanguratsua duten eremuetan bertan behera geratzen dira espazio itxietan egiten diren eta 1.000 pertsona baino gehiago inplikatzen dituzten jarduera kolektiboak. Edukiera mila lagunetik beherakoa bada, egin ahal izango dira bakarrik edukieraren herena betetzen bada"
Espainiako Osasun Ministerioa
Debeku agindu zuzena jarraituz edo zeharkako eraginaren ondorioz, dozenaka ekitaldi eta jarduera bertan behera geratu dira Arabako hiriburuan. Iragarpenen zurrunbilotik, azken orduetan zabaldu diren horietako batzuk jaso ditugu ALEAn:
- Oihaneder Euskararen Etxearen jarduera guztiak eten egingo dira, oraingoz.
- Alavesek eta Baskoniak ateak itxita jokatuko dituzte partidak datozen bi asteetan.
- Sancho el Sabio Fundazioa jendearentzako itxita egongo da bihartik aurrera.
- Vital Fundazioak itxi egin ditu Posta kaleko erakusketa-zentroa eta Kordoi Etxean duen egoitza.
- Artium Museoak prebentzio neurriak hartu ditu: liburutegia itxi du, hainbat lantegi bertan behera utzi ditu, eta antolatutako jarduerak atzeratu edo bertan behera utzi ditu; hala ere, museoa irekita egongo da ohiko bisita-ordutegian.