Alavesek beste urrats bat gehiago eman du

Ibon Gorrisi 2020ko mar. 9a, 07:00
15.000 ikusle bildu dira Mendizorrotzean Valentziaren aurkako partidan. / LA LIGA

Mendizorrotzean bana berdindu du Valentziaren aurka

Alaves pixkanaka ari da helburu nagusia betetzeko bidean: mailari eusten. Azken partidetan puntuak pilatzen ari da eta sailkapenean gora begira dago. Hamaika norgehiagoka falta dira jokatzeko eta hogeita hamahiru puntu jokoan izango dira. Beraz, esan daiteke lehen mailan jarraitzea bideratuta duela.

Partidaren hasieran argi eta garbi ikusi da Valentzia goi mailako taldea dela. Izan ere, jokoaren ekimena hartu du eta alderik alde ondo baino hobeto mugitu du baloia. Arabako taldeak ohiko jokoari ekin dio, hau da, atzealdean sendoa, zelai erdian lan eta lan eta aurrealdean zain kontraerasoa egiteko.

Partida joan-etorri horretan dela, Parejok egindako gola etorri da. Areaz kanpotik falta maisuki jaurti du eta sarera bidali du. Gol horrek min ikaragarria egin dio Alavesi. Lehen zatiaren amaieran taldea erabat galduta aritu da. Iparrorratzik gabe ari da eta bazirudien Herrialde Katalanetako taldea norgehiagoka erabakiko zuela. Baina ez da hori gertatu eta aldageletara huts eta bateko emaitzarekin joan dira bi taldeak.

Bigarren zatian gauzak erabat aldatu dira. Alavesek urrats bat aurrera egin du eta gora egin du berdinketaren bila. Gero eta arrisku gehiagorekin hasi dira iristen Valentziaren area ingurura. Ekinaren ekinez saria 73. minutuan etorri da. Jokaldi nahasi batean Edgar erdilariak area barruan jaurtiketa egin du eta zenbait jokalarik desbideratu ondoren saretara joan da. Banako berdinketa eta esperantzarako atea irekita. Izan ere, taldea une gozoetan ari zen eta partida amaitzear zela aukera paregabea izan du Joselu aurrelariak bigarrena egiteko eta garaipena lortu ahal izateko. Hor amaitu da norgehiagoka.

Hurrengo norgehiagoka Espanyol taldearen aurka izango da, datorren igandean eguerdiko 12:00etan. Aukera ezin hobea puntuak pilatzeko. Ea taldeak bide on honetan jarraitzen duen!!

 

 

Alaves: Pacheco; Navarro, Laguardia, Ely, Duarte; Fejsa (82’. Manu García), Luis Rioja (65’. Borja Sainz), Edgar, Camarasa (76’. Pere Pons) ; Lucas Pérez y Joselu

 

Txartel horiak: 36’. Lucas Pérez, 39’. Ximo Navarro, 42’. Ely, 62’. Joselu, 84’. Edgar

 

Valentzia: Cillessen; Florenzi (65’. Coquelin), Gabriel Paulista, Diakhaby, Gayá; Wass, Kondogbia, Parejo, Soler, Cheryshev (82’. Rodrigo); y Gameiro (72’. Guedes)

 

Txartel horiak: 36’. Kondogbia, 61’. Gayá, 90’. Diakhaby, 92’. Celades.

Golak:

0-1: 34’. Parejo

1-1: 73. Edgar

 

Mendizorrotza futbol zelaiko harmailak:

15.000 ikusle bildu dira Mendizorrotzean Valentziaren aurkako partida ikusi ahala izateko. Coronavirus dela eta harmailetako sarreretan eskuak garbitzeko likidoa jarri dute. Partidaren hasieran jokalariek ez diote eskua elkarri eman eta ukondoarekin egin dute. Atsedenaldian berdintasunaren aldeko pankarta zabaldu dute berdegunean.

Harmailetan hitz eta pitz

Berriz ere ostiralean eta 21:00etan, hotz samarra inguruan baina halere jendea pozik taldeak lorturiko emaitzekin. Ordu berean, Alavesek eta Baskoniak jokatuko dute eta horrexegatik bat edo beste aukeratu behar.

  • Hau da hau, ordu berean bi partidak. Gu, badakizu, beti Alaves. Gainera kontutan izanik bata eta bestea nola dauden hobeto Alaves ikustea.
  • Erabat aldatuta hamaikakoa. Zelai erdian, beti bezala, aldaketak. Gainera Manu García ordezkoen aulkian.
  • Ez dago gaizki jokalariei atsedena ematea. Horrela entrenamenduetan ahaleginak egingo dituzte denek.
  • Talde oso ona da Valentzia. Ikusten duzue nola mugitzen duten baloia alde batetik bestera. Teknikoki oso talde ona baita.
  • Zer-nolako gola sartu duen Parejok. Hau da hau falta jaurtiketa egitea! Maila handiko jokalaria baita.
  • Orain ikusiko dugu. Baina honek itxura oso txarra dauka. Gero eta txarragoa. Hor izan du Valentziak aukera norgehiagoka erabakita uzteko.
  • Futboleko lege ezkutuak dio "barkatzen duenak galduko duela". Ea egia den!
  • Ikusiko dugu orain bigarren zatian. Ea aldaketak egiten dituen honi buelta emateko bestela jai daukagu.
  • Eta Baskonia galtzen ari da. Hau da hau gau beltza.
  • Beno, berdinketa, ez da batere txarra. Hor jarraituko dugu.
  • Joselu, Joselu, Gooool, Ze pena! Hor izango dute garaipena.
  • Ea Baskoniak zer egiten duen! Azken segundoan garaipena.
  • Beno, gau ona izan da. Orain ospatzera.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide