Alba Berlin ez da txapelketako talde sendoenen multzoan sartzen eta Baskoniak garaipena erdiestea nahiko eskuragarri zuela pentsa zitekeen aldez aurretik. Baina esaera zaharrak dioen bezala, usteak erdia ustel. Aurtengo Euroliga txapelketak edozein taldek aurkaria menpean hartu dezakeela erakutsi digu eta atzokoan ere hori izan zen gertatutakoa norgehiagokaren tarterik luzeenean.
Partida txarra izan zen atzo iluntzekoa, ezin ukatu. Denboraldian zehar zaletuek hamaika aldiz ikusi behar izan duten horietakoa. Erasoan kamuts, batere ideia argirik gabe, eta defentsan intentsitaterik gabe kantxaratu ziren gasteiztarrak. Ondorioz, berlindarrek hiruko marratik behin eta berriro kolpatu zuten arerioa eta hirugarren laurdenean alderik handiena erdietsi zuten markagailuan 37-53. Egoera horretan, eta, tamalez, beste askotan gertatu bezala, taldeak burua makurtu eta partidari ihes egiten utzi behar ziola sinisten hasiak ziren zaletu asko.
Zorionez, jokalariek aspaldiko partez ahaztuta zeukaten "nortasun" hori berreskuratzea lortu zuten azken txanpan, eta minutu gutxiren tartean partida parekatzea lortu zuten (59-59, 32.min). Azken boladan, publizitate euskarrietan erabiltzeko balio izan duen leloa besterik izan ez dena, kantxan berriz ere ikusteko aukera izan genuen eta argi dago hori dela talde honek behar duena.
Horrelakoetan garaipena alde batera zein bestera joan daiteke, eta atzokoan zorteak Baskoniaren alde egin zuen. Partida osoan zehar ia hirukorik sartu ezinda ibili ondoren, azken saskiratzea hiruko marratik egin zuen Matt Janningek, hiru segunduren faltan. Saskiratze horrek eman zion Baskoniari behar beharrezko zuen garaipena eta azken urteetako denboraldirik eskasena izan arren, taldearen izaera horrek bizirik jarraitzeko aukera emango dio oraingoz.
Ivanovic entrenatzaileak, partida ondorengo adierazpenetan ingelesez egindako elkarrizketan, euskaraz erantzun zion elkarrizketatzaileari "gaur gauean nortasuna izan dugu, baina jokalariek gainera harrotasuna ere erakutsi dute". Behingoagatik, elastiko batean idazteko publizitate mezua baino gehiago izan ziren hitzak.