Schommerren erretratu sorta aurkeztu dute Amarikan

Erredakzioa 2020ko mar. 7a, 11:38
Maiatzaren 17ra arte izango da erakusketa Amarika aretoan. /AFA

1969 eta 2000 artean egindako argazkien aukeraketa ikus daiteke, maiatzaren 17ra arte.

Alberto Schommer argazkilariak 1969 eta 2000 urtean egindako erretratuen arteko sorta bat paratu du Gasteizko Amarika aretoak. Schommer. Garaikideak. erakusketa maiatzaren 17ra arte ikusi ahal izango da.

Kronika bisuala balitz bezala, hautatutako argazkiek XX. mendeko kulturan murgildu eta ibilbide bisuala egitera gonbidatzen dute ikuslea, izen propioetatik abiatuta: zinemako, literaturako, musikako, antzerkiko, dantzako eta abarretako aurpegiak. "Erakusketa Schommerren lanik onenetako bati buruzkoa da: erretratuak. Berrogei urtetan zehar jorratu zuen genero hori. Erretratuetako asko komunikabideetan argitaratu ziren eta boterea, ekonomia eta kultura islatu zituzten, eta gure herrialdeko duela gutxiko historiaren galeria ikonografiko aparta osatu zuten", azaldu du aurkezpenean Ana del Val kultura diputatuak.

Gasteiztar unibertsala

Alberto Schommer 1982an jaio zen Gasteizen. Haren aitak –hiriburuan bizi zen mediku alemaniar bat– argazkilaritza estudio bat izan zuen 40ko hamarkadan, eta, hain zuzen ere, haren bidez ezagutu zuen arte hori Schomerrek. Schommerren ibilbide emankorrak eragin nabarmena izan zuen haren belaunaldiko argazkilari askorengan eta hasi berriak ziren gazte ugarirengan. Erretratuen maisua eta argazkilaritza lengoaiaren berritzailea izan zen, eta bitarteko hori artetzat eta argazkilaria artistatzat hartu beharra zegoela defendatu zuen.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide