Bosgarren antzerki zurrunbiloa

Erredakzioa 2020ko mar. 5a, 16:55
Apirilaren 3an aurkeztuko dute 'Panpina' lana Baratzan. / Kamikaz Kolektiboa

Zurrunbilo arte eszenikoen jaialdiak, besteak beste, Kamikaz Kolektiboa, Formol Laborategia edota Bapatean Zirkoren lanak eskainiko ditu, apirilaren 3tik 5era.

Sei antzezlanek osatuko dute bosgarren Zurrunbilo jaialdia, eta horiekin batera hausnarketarako topaketa bat ere izango da aurten. "Jaialdi honen helburua bikoitza da: euskaraz lan egitearen aldeko apustua egiten duten artista eta konpainiei laguntzea, eta hauen sorkuntzak ohiko ikusleei zein, inoiz parte hartu ez duten arren, horretarako jakin-mina duten pertsonei hurbiltzea", adierazi dute proiektuaren sustatzaile Baratza aretoaren arduradunek. 

Baratza aretoak, jaialdiaren egoitza nagusi gisa, Maite Aizpurua eta Kamikaz Kolektiboaren sorkuntzak hartuko ditu apirilaren 3an, 20:00etatik aurrera, Erresistentzia arazo fisiko bat da eta Panpina, hurrenez hurren. Larunbatean, apirilaren 4an, 20:00etatik aurrera, Formol Laborategiaren Maketa eta Tripak-en Urruna eskainiko ditu aretoak. Amaitzeko, igandean, apirilaren 5ean, 19:00etan, Olatz Gorrotxategik 43o13 '44' N antzerki dokumentala eramango du Baratzako tauletara.

Baina proposamen horietaz gain, beste bi gunetara ere iritsiko da Zurrunbilo. Horietako bat Oihaneder Euskararen Etxea izango da, Euskal Arte Eszenikoen Lengoaiak eta Hizkuntzak izenburupean, euskal sorkuntza eszenikoan hizkuntzak eta lengoaiak erabiltzeari buruz mintzatuko den topaketa, kulturgintzako profesionalei eta interesatutako pertsonei zuzendutakoa. Beste gunea Legutio izango da, apirilaren 5ean, 12:00etan, Bapatean Zirko konpainiak Adabaki ikuskizuna aurkeztuko die bertako familiei.

Ikuskizun guztietarako sarrerak salgai daude dagoeneko, eta topaketan parte hartzeko izen-ematea ere zabalik dago (sarrera librea da -aldez aurretiko izen- ematearekin- aforoa bete arte).

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide