VOXek ordezkaritza lor lezake Araban

Erredakzioa 2020ko mar. 3a, 14:21

VOXek lehen aldiz lortuko luke ordezkaritza Eusko Legebiltzarrean. / ALEA

EAJren eta PSE-EEren gorakadak gehiengo osoa lortzea gauzatuko luke.

EITB Focus inkestaren arabera, EAJk apirilaren 5eko hauteskundeak irabaziko lituzke, eta EH Bildu eta PSE-EE bigarren eta hirugarren indarrak izango lirateke. Voxek ordezkaritza izan lezake, Araban aulki bat lortuta.

Jeltzaleek 31 aulki eskuratuko lituzkete, aurrekoan baino 3 gehiago. EH Bilduk ordezkari bat gehiago izan lezake. PSE-EE hirugarren indarra izango litzateke, 11-13 aulkirekin. Elkarrekin Podemosek 11 aulki bereganatu zituen 2016an, eta 7-9 izango lituzke orain. PP+Cs koalizioak 5-6 ordezkari lortuko lituzke, (PPk 9 legebiltzarkide izan zituen 2016an), eta baliteke Voxek ordezkaritza lortzea Eusko Legebiltzarrean, aulki batekin, botoen % 1,9  bereganatuta.

Araban, jeltzaleak nagusi

EAJ izango litzateke irabazlea Araban, 9 aulki lortuta. EH Bildu bigarren postura igoko litzateke, 5-6 aulkirekin, eta PSE-EE hirugarren postuan kokatuko litzateke, 4-5 ordezkari eskuratuta. PP+Cs koalizioa laugarren indarra izango litzateke (2016an, PPk bigarren postua lortu zuen), 3 ordezkarirekin, eta Elkarrekin Podemosek ere 3 izango lituzke. Lehen aldiz ordezkaritza izan dezake Voxek, Araban legebiltzarkide bat lortuta. Abstentzioa % 32,1ekoa izango litzateke apirilaren 5ean; 2016an, ia % 40koa izan zen. 

Lehendakarigaien balorazioari dagokionez, inkestaren arabera, EAJko lehendakarigai Iñigo Urkulluk lortu du batez besteko notarik altuena, 6,29, eta EH Bilduko hautagai Maddalen Iriartek ere gaindituko luke, 5,71 jasota. PSE-EEko Idoia Mendiak 4,67 izango luke, Elkarrekin Podemoseko Miren Gorrotxategik 4,32, eta PP+Cs koalizioko Carlos Iturgaizek 1,41.

EAEko 1.200 bizilagunen laginarekin egin dute inkesta, eta Erkidegoko herrialde bakoitzeko 400 lagunek parte hartu dute.

Otsailaren 25etik 27ra bitartean telefono bidez egindako elkarrizketak izan dira landa lanaren oinarria.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago