Arabako Ogasunak bitarteko elektronikoen bidez fakturatzeko betebeharra ezarriko du 2021eko apiriletik aurrera. 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, Arabako autonomo eta enpresa guztiek egin beharko dituzte faktura digitalak.
Araban jarduera ekonomikoak dituzten pertsona fisiko edo juridikoei -enpresak zein autonomoak- ezarriko zaie sistema berria, eta behartuta egongo dira TicketBAI programarekin bat datorren fakturazio softwarea erabiltzera.
"Sistema horren bidez egiten diren faktura guztiak Ogasunera iritsiko dira eta aitortu egingo dira", azaldu du Itziar Gonzalo foru diputatuak. Arabarrek unean bertan egiaztatu ahal izango dutela zerbitzu edo produktu baten faktura legezkoa den, QR kode batean bidez.
EAEko hiru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak garatu duten softwareak kode enkriptatua bidaliko du Arabako Ogasunera, denbora errealean, eta horrek salmentak ezkutatzea eragotziko du.
2022an, sektore guztietan ezarriko da
TicketBAI programa progresiboki ezartzeko egutegia proposatu du Foru Ogasunak, eta 2022an guztiz ezarrita egotea aurreikusi dute.
2021eko urtarrilean, sentsibilizatzeko eta informatzeko kanpainari ekingo diote. 2021eko apiriletik aurrera, Arabako zerga aholkularien sektorean derrigorrezkoa izango da fakturazio digitala.
Ondoren, hainbat sektoreko profesionalen txanda izango da: zuzenbidea, ingeniaritza, arkitektura, osasungintza, ostalaritza, botikak... 2021eko uztailaren 1erako fakturazio digitala izan beharko dute sektore horiek.
Azkenik, 2022ko urtarrilean, sektore guztietan ezarriko da derrigorrezko fakturazio digitala.