Leganes-Alaves

Alavesek puntu bat urratu du Leganesen aurka

Bigarren zatia hasi bezain pronto etorri da Lucas Perezen gola. / LA LIGA

Joko gutxiko norgehiagokan bi taldeek bana berdindu dute.

Azken bolada honetan Alaves puntuak pilatzen ari da, eta helburua gero ta hurbilago dago. Butarque futbol zelaian jokaturiko norgehiagokan bi taldeek bana berdindu dute. Arabarrek bigarren zatia hasi bezain pronto aurrea hartu du markagailuan baina pozak gutxi iraun du, eta handik hamar minutura talde madrildarrak berdinketaren gola egin du.

Partida hasi bezain pronto ikusi baita Leganes taldea puntu premia gorrian dagoela. Izan ere, dena ematera atera da, eta laugarren minuturako aukera paregabea izan du markagailua mugiarazteko. Baina, nola ez, Pachecok geldiketa bikaina egin du.

Hortik aurrera, Alavesek, ohiko jokoa eginez, partida kontrolpean izatea lortu du. Zelai erdian lan ikaragarria egin dute Fejsa eta Manu Garcia erdilariek, eta talde madrildarrak sorturiko jokoa hor bukatzen baitzen. Egia da talde arabarra ez dela gauza izan gol aukerarik sortzeko. Orekatua izan da lehen zatia, eta ez batak ez besteak ez dute arrisku gehiegirik sortu.

Bigarren zatia hasi bezain pronto etorri da Lucas Perezen gola. Bazirudien Alavesek garaipenaren bidea irekita izango zuela, baina beharrak eraginda, Leganesek aurrera jo du berdinketaren bila. Lerroak aurreratu ditu eta denekin golaren bila joan da. Berehala lortu du berdinketa. Oscar Rodriguez erdilariak erdiraketa bikaina egin du, eta Carrillok buruz saretara bidali du baloia.

Gol horrek berpiztu du etxeko taldea eta talde arabarrak lan ikaragarria egin behar izan du arriskua urruntzeko. Deseroso aritu da taldea, eta minutu horietan ikusitakoa kontutan izanik, ontzat eman behar da lorturiko puntua. Halere, azken minutuetan Lucas Perezek eta Duartek aukera bana izan dute markagailua Alavesen alde jartzeko. Bietan Cuellar atezainak baloia desbideratzea lortu du.

Gauzak horrela, puntu bat lortzeak zapore gozoa utzi du, eta aurrera jarraitzeko balio du. Izan ere, taldea sendotasun ikaragarria erakusten ari da eta puntuak pilatzeak konfiantza ematen du. Hurrengo norgehiagoka ostiralean izango da, 21:00etan, Valentzia taldearen aurka.

Leganes: Cuellar; Bustinza (52’. Ruibal), Awaziem, Omeruo, Siovas, Kevin Rodrigues; Ruben Perez, Eraso (58’. Gil), Oscar Rodriguez; Guerrero (75’. Recio) eta Carrillo.

Txartel horiak: 68’. Gil, 71’. Awaziem, 92’. Ruben Perez

Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia (45’. Magallan), Ely, Duarte; Edgar (63’. Pere Pons), Fejsa, Manu Garcia, Aleix Vidal; Joselu (Burke), Lucas Perez.

Txartel horiak: 41’. Duarte, 67’. Fejsa, 83’. Aleix Vidal

Golak:

0-1: 47’. Lucas Perez

1-1: 59’. Carrillo

Butarque futbol zelaiko harmailak

Arratsalde hotz batean 10.043 ikusle bildu dira Butarque futbol zelaian. Horietariko batzuek Alaves zaleak izan dira, eta hotzari aurre egiteko txaloka eta kantuan aritu dira partida osoan zehar. Bukaeran, jokalariek egindako esfortzua eskertu dute beraiengana joanez.

Arratsaldea pasa musikaz eta futbolaz blai

Eguraldia lagun, eta oraingo honetan eguerdiko poteoa lasai asko egiteko, arratsaldez jende asko bildu da partida tabernaz taberna ikusteko. Era berean, beste askok eta askok dantza egiteko tartea izan dute:

  • "Beno, bada, Leganes, zuloan sartuta dago eta gola egiten badiogu aukera ezin hobea izango dugu partida irabazteko. Ea egia den!".
  • "Hamaikako txukuna atera du Garitanok. Fejsa erdilari ona da. Gainera baloi asko eta asko mozten ditu. Manu Garciarekin bikote sendoa osatzen du".
  • "Uff!! Kontuz, kontuz, eskerrak Pacheco dugula. Lehen minutuetan aukera ezin hobea izan dute. Atzealdean sendo aritu behar, golik ez jasotzea da helburu".
  • "Lehen zatia badoa eta ez batak ez besteak ez dute inongo gol aukerarik sortu. Partida kaxkarra, baino kaxkarragoa. Orain ez gara hasiko joko ona ikusi nahi dugula. Gaur, nahi ta nahi ez puntu bat edo hirurak eskuratu beharra dago".
  • "Ondo, lehen zatia amaituta eta golik ez. Hori da helburua. Orain bigarren zatian gola sartzera eta irabaztera".
  • "Gooooooooool!!! Lucas Perez, Lucas Perez, hori da hori, beti hor dago. Egin beharrekoa egin dugu orain irabaztera".
  • "Gol. Ze pena! Hamar minutu besterik ez dugu izan gozatzeko. Pozak gutxi iraun du. Orain sufritzera. Ikusiko duzue. Haiek puntuak behar dituzte eta bigarren golaren bila joango dira, bai ala bai".
  • "Sufritzea, hori da denboraldi honetako patua: sufritu eta sufritu".
  • "Puntu bat, gutxienez. Helburua puntuak pilatzea, pixkanaka pixkanaka".
  • "Hurrengo partida Valentziaren aurka. Zaila baina ez ezinezkoa".
  • "Animo pues!!"

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide