'Latxa' argazki erakusketa aurkeztu du Artgiak

Erredakzioa 2020ko ots. 26a, 17:34
Martxoaren 14ra arte izango da Estibarizen erakusketa. / Artgia

Yone Estibarizen erakusketarekin, jarduera osagarriak izango dira otsailaren 28an eta martxoaren 7 eta 14an; bisita gidatuak eta gazta dastaketak eskainiko dituzte.

Martxan da Artgia sorgune eta aretoaren Emart programa, emakume artisten lana mahai gainean jarri eta nabarmentzeko helburuarekin. Yone Estibariz argazkilari gasteiztarraren Latxa proposamenarekin hasi dute,  zuri-beltzeko argazkiekin osatutako lana; ardien kolore zuria nabarmentzen da argazki bakoitzean, ikuslea begiratzen duten noizbehinkako puntu beltzekin. 

Urkabustaizko artzainen inguruko argazki erreportajea egin du Estibarizek, baina protagonismo berezia dute honetan animaliek eta paisaia latzak. Gris desberdinek estaltzen dituzte gainontzeko irudiak: zeru grisa, harri grisak, klima latza, bide latzak. Martxoaren 14ra arte ikusi ahal izango dira Judimendiko arte galerian.

Yone Estibariz, Uxue Ruiz de Arkaute eta Estibaliz Aguirre dira Emart programako sarituak. Eurekin batera, epaimahaiak bi akzesit eman ditu: Uxue Bereziartua ilustratzaileari eta Maitane Argote Guzman artistari. Akzesit hauen bidez, erakusketa eta komunikazio zerbitzua izango dute aukeratutako artistek. "Arabako emakume* artiston lana ikustaraztea da deialdiaren helburua. Emergenteak direnak, mahaigaineratzea, aukerak zabaltzea. Horregatik plazera da guretzako Emart deialdiaren irabazleak publiko egitea", nabarmendu du Artgiako kudeatzaile Irantzu Lekuek.  "Orotara 23 proiektu aurkeztu dira eta oso pozik gaude bai aurreko urteko emaitzekin baita aurtengo proposamenek izan duten kalitate artistikoarekin". 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide