Arabako suhiltzaileek gabeziak salatu dituzte zerbitzuan

Erredakzioa 2020ko ots. 26a, 13:55
Agerraldia eta elkarretaratzea egin dute Arabako Foru suhiltzaileek. / ESK sindikatua

Zuzendaritzari eta erakundeei kexa adierazi diete foru suhiltzaileek, zerbitzuaren gabeziak direla eta. Arduradunen jokabidearen ondorioz, orain arte barne-mailan planteatutakoa publikoki salatzea erabaki dute.

Aurrekontuan, pertsonalean eta ekipamenduan "gabezia eta hutsune asko" daudela, eta erantzun "eraginkorrik" jaso ez dutela salatu dute. Arazo horiek suhiltzaileen segurtasunari eragiten diotela ziurtatu dute, baina baita herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuaren kalitateari ere.

Azken hilabeteetan egoerak okerrera egin duela diote, eta horrek hainbat esku hartzetan eragina izan duela. Gainera, Erakunde Autonomoak bi lankideri espedienteak ezarri dizkiela azaldu dute.

Orain arteko barne-salaketatik, salaketa publikoa egitera pasatu direla iragarri dute: "Kalera atera eta mugitzea erabaki dugu". Agerraldiarekin batera, elkarretaratzea egin dute Probintzia plazan, Arabako Foru Aldundiaren atarian.

Arabako Suhiltzaileen Erakundeak sei parke ditu gaur egun, zerbitzu mugakideekin egindako hitzarmenaren arabera: Agurain, Kanpezu, Guardia, Langraiz Oka, Espejo eta Laudio. Herrialdeko biztanlegune guztietan eskaintzen dute zerbitzua erakundea osatzen duten 190 suhiltzailek.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide