Iberdrola

Linea elektriko berriaren kable sarea lurpean joango da Salburuko eta Zurbaoko tarteetan

Erredakzioa 2020ko ots. 25a, 10:29
Gasteizko sare elektrikoaren azpiestazioa Arratzua-Ubarrundian. / Google Maps

Arabako Aldundiaren alegazioak baietsi ditu Iberdrolak. Arratzua-Ubarrundia azpiestazioa eta Gasteiz lotuko dituen linea elektriko berria lurperatuta joango da Zurbao eta Salburutik gertuen dauden zatietan.

Iberdrola elektrizitate enpresak Arratzua-Ubarrundiako azpiestazio elektrikoa Gasteizekin lotuko duen erdi-tentsioko linea berri bat egitea aurreikusi du.

Nahiz eta lehenengo zirriborroan kableen ibilbidea airekoa izan, Arabako Foru Aldundiaren Ingurumen Sailaren eta Zurbaoko Administrazio Batzarraren alegazioak baietsi ostean, Iberdrolak nabarmen aldatu du proiektua.

Izan ere, ingurumenaren ikuspegitik oso sentikorrak diren guneetatik oso hurbil zegoen hasiera batean: Natura 2000 Sareko guneetatik eta Salburuko Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuan (HBBE), hain zuzen ere.

Azkenik, kableen sarea lurperatuko du Salburuko hezeguneen tartean; eta Zurbaotik hurbilen dagoen tartean 700 metroko tarte bat lurperatuko da. Hortaz, kableen lurpeko ibilbide berria bide eta errepideetatik egingo da, eta zonalde sentikorrenetatik urrunago egongo da.

Ingurumen Saileko foru diputatu Josean Galerak atsegin handiz hartu du Iberdrolaren proposamena: "Hobea da, ingurumen aldetik nabarmenki murrizten delako inpaktua hezeguneko eremu babestuan. Gizartearen aldetik ere hobea da, eta ez bakarrik Salburuko bisitarientzat, baizik eta Zurbaoko herritar guztientzat batez ere".

Hala ere, proiektua baimentzeko prozedura ez da amaitu, eta Iberdrolaren azken proposamenean airetik doan tarte bat geratzen da oraindik, herritik urrunago. Beraz, Ingurumen Sailak enpresa elektrikoari eskatuko dio espedientea aztertzeko eta trazadura erabat ez lurperatzeko erabakia teknikoki arrazoitzeko.

Linea elektriko berriaren trazadura Salburuan eta Zurbaon. / AFA (Itzulpena: ALEA)

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide