Olarizun okupatutako etxeak hustu eta eraisteko prozesua berriz aktibatu du Udalak

Erredakzioa 2020ko otsailaren 24a

EAJ eta PSEren gobernuak PPrekin atera du aurrera ekinaldia. / Alea

Etxebizitza berriak eraiki nahi dituzte orubean.

Olarizun okupatutako etxebizitzak hustu eta eraisteko prozesuan beste pauso bat eman du gaur 21 Zabalgunea kontseiluak. Udal sozietateko lehendakari Ana Oregik "administrazioak ofizioz berreskuratzea" deritzon figura erabiltzea proposatu du Olarizuko etxebizitzetan identifikazio, hustuketa eta eraisteko prozesuari ekiteko.  Horretaz gain, eraisteko proiektua aurkeztu zaio kontseiluari.

21 Zabalguneko kontseilukideek, bestetik, legez kanpo okupatutako etxebizitzak hustu eta eraitsi ondoren libre geratzen den orubean etxebizitzak eraikitzeko zenbait proposamen ezagutu dituzte."Inguruko auzoko legitimoek zein udal talde gehienok planteatzen genuen irtenbidea argitzen ari da, azken urteetan ahalegin berezia egin baitugu kroniko bihurtzeko arriskua zuen egoera bat desblokeatzeko. Gaur 21 Zabalgunean erabakitakoa oso positibo eta garrantzitsua da egoera konpontzeko", nabarmendu du Ana Oregik.

Udalak gidatuko du hustuketa eta eraisketa, lau urrats nagusitan. Udalaren esku geratuko dira etxebizitzak, orain 21 Zabalgunearen esku daudenak; 21 Zabalgunearen kapital murrizketa onetsiko dute ondoren; eta idatzita dagoen eraisketa proiektua Udalaren esku geratuko da.

Kontseiluak akordio hori onetsi ondoren, sozietatearen batzar nagusiak berretsi beharko du, eta Tokiko Gobernu Batzarrak etxebizitzak onartutakoan identifikatu ahalko ditu Udalak okupak. Gero, etxebizitza uzteko duten epearen berri eman beharko diete okupei, eta hala egin ezean, etxeetatik egotzi. Hori guztia egin ondoren eraitsiko dira blokeak. "Zenbait aukera aztertu ditugu teknikoki, eta proposamen horrexek ahalbidetzen du irmotasun eta eraginkortasun handiagoz jokatzea. Hirian legez kanpoko okupazioen aurka egiten jarraituko dugu, okupazioak ezagutu ahala salatzen, okupak egozten eta etxebizitzak berriz okupatzea ekiditeko neurriak hartzen", esan du 21 Zabalguneko lehendakariak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago