Alaves-Athletic

Alavesek urrezko hiru puntu lortu ditu

Ibon Gorrisi 2020ko ots. 24a, 10:48
Alavesek urrezko hiru puntu lortu ditu Athleticen aurka. / ALAVES

Azken minutuan Ely atzelariak eman dio garaipena Athletic taldearen aurka.

Alavesek urrezko hiru puntu lortu ditu Mendizorrotzean Athletic taldearen aurka jokaturiko derbian. Partida kaskarra izan da baina horrelakoetan garrantzitsuena emaitza izaten da. Norgehiagoka azken unean erabaki da. Izan ere, Ely atzelariak 91. minutuan geldikako jokaldi batean sartu du garaipenaren gola. Orain jaitsiera zortzi puntura dauka.

Lehen zatian talde zuri-gorriak jokoaren ekimena eraman du. Halere, ez du gol aukerarik sortu. Alaves atzealdean ondo kokatua izan da baina Williams aurrelaria kate motzean lotzea asko kostatu zaio. Jokaldirik arriskutsuenak honen abiaduraren bitartez etorri dira. Dena den, partidaren norabidea ikusita argi eta garbi ikusi da gol aukera gutxiko partida izango zela. Ez batak ez besteak ez dute gehiegi arriskatu aurrera begira, eta helburu garrantzitsuena golik ez jasotzea izan da.

Joan etorri horretan partida ari zela, geldikako jokaldi baten bitartez etorri da Raul Garciak eginiko gola. Area ertzetik ezkerrez jaurtiketa egin du eta sareetara bidali du. Bazirudien gola sartzen zuenak eramango zuela norgehiagoka, baina handik hamar minutura, Yeray atzelariak penaltia egin dio Aleix Vidali kontraeraso batean; Lucas Perezek berdinketaren gola egin du 28. minutuan. Handik atsedenaldira joan arte gauza gutxi erakutsi dute bi taldeek.

Bigarren zatia kaxkarra izan da oso. Ez batak ez besteak ez dute gol aukerarik sortu. Zelai erdiko jokoa nagusi izan da. Gainera bi taldeek huts asko egin dituzte emandako pasetan. Horren ondorioz, zaleak izan dira bigarren zatiko onenak. Halere, talde arabarra pixkanaka nagusitzen ari zen, eta egindako aldaketek bizitasuna eman diote. Ematen zuen banako berdinketarekin amaituko zela partida, baina azkenengo aukeran Alavesek balio handiko garaipena lortu du. 91. minutuan, geldikako jokaldian erdiraketa itxia egin du Ely atzelariak; oso behartuta eta eskuinarekin jo du baloia, eta zutoinean jo ondoren sareetara joan da. Hau zer nolako poza Mendizorrotzan bizi izan dena! Zoramena, poza, alaitasuna... eta hiru puntuak jaitsiera postuetan alde egiteko. Hurrengo partida etxetik kanpo izango da, Leganes taldearen aurka, datorren larunbatean. Aukera paregabea zerbait urratzeko.

Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia, Ely, Duarte; Martin (45'. Edgar), Manu García, Camarasa (81'. Pere Pons), Aleix Vidal; Lucas Perez, Joselu (71'. Burke).

Txartel horiak: 31'. Ximo Navarro, 33'. Martin, 51'. Ely, 86'. Pere Pons.

Athletic: Unai Simon; Capa (77'.Lekue), Unai Nuñez, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri; Dani Garcia, Vesga, Muniain; Raul Garcia (80'. Aduriz) eta Williams (85'. Larrazabal).

Txartel horiak: 20'. Capa, 26'. Unai Nuñez, 31'. Dani Garcia, 32’. Iñigo Martinez

Golak:

0-1: 17'. Raul Garcia.

1-1: 28'. Lucas Perez, penaltiz.

2-1: 91'. Ely.

Mendizorrotzeko futbol zelaiko harmailak

19.412 ikusle bildu dira Mendizorrotzean, giro ezin hobean. Eguraldi eguzkitsua eta ia-ia harmaila beterik. Talde zuri-gorria animatzera zale asko eta asko etorri dira, eta harmailak oso koloretsuak izan dira. Alaveseko zaleek partida osoan zehar animatuz izan dira, eta garaipenaren gola Elyk sartu duenean, zoramena izan da harmailetan. Derbia, zaleen aldetik, goi mailakoa izan da.

Harmailetan hitz eta pitz

Eguraldia lagun, jendetza bildu da Mendizorrotze ko harmailetan, partida ikusteko. Oso giro polita eta era honetako elkarrizketak entzun dira:

"Ze egun polita futbolaz gozatzeko. Baina ikusiko dugu. Badakizu derbiak oso txarrak omen dira. Baina espero dezagun gutxienez garaipena lortzea".

"Bi Garitano entrenatzaileak, baina biek golik ez jasotzea dute helburu. Gaur Martin zelairatu du zelai erdian, beraz atzelari asko. Athletic ari buruz zer esan, hiru zentral".

"Oso atzean sarturik, beti bezala. Horrela oso zaila izaten da gol aukerarik sortzen".

"Kontuz Williams aurrelariarekin. Athleticek ez dauka gauza handirik aurrealdean. Abiadura izugarria dauka. Kontuz, kontuz".

"Gola, Athleticen gola. Zartako ederra baina bakar bakarrik zegoen".

"Ufff, gaizki jarri dira gauzak. Baina tira, ondo, Aleix Vidal, ondo, penaltia. Penaltia inongo dudarik".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide