Madrilgo Kontsumo Ministerioak kirol-apustuen neurriz kanpoko publizitatea saihesteko neurriak hartuko dituela adierazi berri du eta lege berriak egungo iragarkien "%80 inguru debekatzea" eragingo duela iragarri du. Alberto Garzon ministroaren hitzetan "neurri drastikoa da, baina beharrezkoa: lehen urrats urgentea, ausazko jokoek eta apustuek eragin ditzaketen osasun publikoko arazoei heltzeko". Erregulazio hori datozen asteetan hasiko da tramitatzen Diputatuen Kongresuan.
Neurrietako bat talde baten izena zuzenean apustu-etxe batekin lotzea debekatzea izango da; gaur egun Kirolbet Baskoniak egiten duenaren antzera. Beste horrenbeste gertatuko da kirol azpiegituren izendapenekin ere. Edozelan ere, Kirolbeten marka elastikoan janzten jarraitu ahal izango du Baskoniak.
Lege aldaketa horiek datozen hilabeteetan tramitatuko dituzten arren, zaila izango da denboraldi honetan zehar indarrean jarri ahal izatea.