%36 hazi da Tokikom-eko webguneetako bisita kopurua

Erredakzioa 2020ko mar. 2a, 06:00

TOKIKOM sarea osatzen duten 30 hedabide digitaletan 36.380.205 ikustaldi izan ziren 2019an zehar.

2019ko trafiko datuak aztertuta, kopuruak oso esanguratsuak dira eta webguneetako erabiltzaile kopuruak nabarmen egin du gora. Arrazoi horregatik, oso pozik azaldu dira elkarteko kideak webguneek 2019an zehar utzitako datuekin: "Beldurrik gabe esan dezakegu Tokikomeko bazkide diren toki komunikabideen edizio digitalek osatzen duten sarea oinarri-oinarrizko azpiegitura dela euskarazko edukien eguneroko kontsumoan".

Izan ere, Tokikomeko bazkideen webguneetako orrialdeek 36.380.205 ikustaldi izan zituzten urte guztian, 2018an baino %36 gehiago. Hilabeteko batez bestekoa 3 milioikoa izan zen eta hilabetero 399.025 erabiltzaile izan dituzte webgune horiek. Gainera bisiten batez besteko iraupenak ere gora egin du, bi minutu pasatxora iritsita.

Hori horrela, "irakurketa positiboa" egiten dute. "2018an baino %35 gehiago izan dira toki komunikabideetara hurbildu diren erabiltzaileak, haietako bakoitzak orrialde gehiago irakurri ditu eta denbora gehiago pasatu du webguneetan".

Jatorriari dagokionez, Tokikomeko webguneek izandako bisiten %40 baino gehiago bilatzaileetatik iritsi ziren 2019an. Bigarren iturri nagusia Facebook da bisiten laurdena baina gehiago erakarriz; eta ondoren datoz, trafiko zuzena (%21,6) eta Twitterretik etorritakoak (%7).

Azken boladan igerritako beste joera nabarmena, webguneetara sartzeko erabiltzen diren gailu motari dagokiona da. 2018ko amaieran, bisiten %64,5 egiten zen telefono bidez, eta 2019ko abenduan mugikorretatik egindako bisita kopurua %71,43koa zen, batez beste. Ordenagailu arruntetatik bisiten laurdena egin ziren, eta tabletetatik %4 baino apur bat gutxiago.

Komunikabide digitalen ekoizpenari dagokionez, Tokikom plataformaren azken bertsioa erabiltzen duten webguneek 62.416 eduki argitaratu zituzten 2019an; hau da, 171 eduki egun bakoitzeko, batez beste. Gehienak artikuluak izan ziren (%56); agendako sarrerak, %19; eta argazki galeriak, %8. Bestalde, sortutako eduki guztiaren %23 galeriak, audioak eta bideoak izan ziren. Gizartea, kultura eta kirolak izan ziren gai landuenak –edukien %40, %22 eta %17–.

Apustu egokiaren emaitza

Joerak ikusita, lankidetzan garatutako webgune sareak pozik egoteko arrazoiak eskaintzen ditu. "TOKIKOM gorpuztu ondoren bazkideei egin genion lehenengo proposamena edizio digitalak ateratzeko ahaleginak bateratzea izan zen. Apustu horrek buruhauste eta lan asko ematen digu, baina datuek argi erakusten dute apustu egokia izan zela: euskarazko medioen batez bestekoaren gainetik hazten ari gara urtez urte, eta hori oso seinale ona da. Historikoki, euskarazko toki komunikabideak sortzeko arrazoi nagusienetako bat euskarazko edukien kontsumoa areagotzea da, eta zenbakiok argi uzten dute zeregin horri ondo erantzuten diogula".

"Tradizioz arazo edo desabantaila gisa bizi izan dugun txikitasuna gure aldeko tresna bihurtzen ari gara"

TOKIKOMeko zuzendariak, Alaitz Artolazabalek, taldearen barruan pixkanaka hedatzen ari den kultura aldaketa nabarmendu du: "Zenbakietatik harago, edizio digitaletan egindako lanak ireki dizkigun bideak ere azpimarratu beharra dago. Elkarlanerako eta berrikuntzarako kultura bat zabaltzen ari gara pixkanaka-pixkanaka, eta hainbat alderditan punta-puntako medioak garela esan daiteke: hor dago publizitaterako kanal digitala, kudeaketa aurreratuan egiten ari garen aurrerapausuak, EiTB eta Eusko Jaurlaritzarekin batera lantzen ari garen EuskalPMP proiektua, Ttap eta Zut aldizkari digital natiboak sortu izana… Tradizioz arazo edo desabantaila gisa bizi izan dugun txikitasuna gure aldeko tresna bihurtzen ari gara, saretzeak ematen digun indarrari esker".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago