Herrialdeko azaleraren laurden bat okupatzen du Lautadak, eta zortziehundik gora kilometro koadroarekin eskualde handiena da. Zabala bezain anitza, izan ere izaera ekonomikoa, administratiboa eta sozial oso diferenteak dituzten udalerriak biltzen dira hiriaren eta herriaren arteko eremu honetan.
Kasu honetan, hamar udalerri elkartu ditu Gaindegiak Lautada bezala definitu duen eskualdean (Agurain, Arratzua- Ubarrundia, Asparrena, Barrundia, Burgu, Donemiliaga, Dulantzi, Gasteiz, Iruña Oka, Iruraitz-Gauna eta Zalduondo), eta horien arteko berezitasunak bildu ditu kaleratu berri duen Euskal Herriko eskualdeen argazki sozioekonomikoari buruzko txostenean. Errealitate askotarikoa islatu du azterketak; ezin bestela izan herrialdeko hiriburua eta udalerri txikiak elkartzen diren espazio batean.
Era honetan, hiriburuaren makrozefaliak eskualdeko adierazle guztietan eragin nabarmena du: bertan metatzen dira Arabako biztanleria, industria ehun espezializatua, zerbitzu aurreratuak edota berrikuntza jarduerak. Landa eremuan, berriz, lehen sektorearen espezializazio handia dagoela nabarmendu du ikerketak.
Hiriburuaren pisua lurraren erabileran oso agerikoa da: "Arabako Lautadan artifizialdutako azalera %8,4 da, herrialdean beste inon baino gehiago". Eta are gehiago, 2000z geroztik 3.600 hektarea berri artifizializatu dira, hau da "azalera osoaren %4,5 porlanez estali zen hamarkada bakar batean".
Hiriburuaren eta gainerako udalerrien arteko harreman asimetrikoa arlo demografikoan ere antzeman daiteke. Nahiz eta belaunaldi ordezkapenaren ikuspegitik Arabako Lautadak orokorrean arazo larriegirik ez izan, badira udalerri batzuk – Zalduondo, Barrundia edo Iruraitz-Gauna– non 45-64 urte bitarteko belaunaldiek pisu handia duten, "eta hor bada desoreka".
Gasteiz barruan ere belaunaldien arteko desoreka demografiko handia dagoela jaso du Gaindegiak, "hirigintza espantsionistak" gazte belaunaldi berriak erdigunetik urrundutako periferia berrian metatu baititu. Horrek "urrezko" auzoetan auzo-bizitasuna eta txikizkako merkataritza ehuna ahuldu egin du, eta bertan populazioa galtzea eragin du.
Krisiari aurre egiteko gai izan da Lautada
Badira lau urte Arabako Lautadak 2008ko Barne Produktu Gordinaren maila gainditu zuenetik, eta geroztik, krisi aurreko pisua handitu egin du Arabako ekonomian. Nahiz eta 2008-2018 epealdian eskualdeko ehun ekonomikoaren %20 desagertu, ondasun ekonomikoaren sorrera enpresa gutxiagoren eskutik dator orain, bai industriaren arloan zein zerbitzuetan. "Lurraldean, metalurgia jarduera indartsua da, baina autogintza sektoreak gero eta pisu handiagoa du. Bestalde, Lautadako eremu zabalean lehen sektorearen espezializazio maila nabarmena da". Herritarren errentari dagokionez, Gasteizko kasuan errenta maila ertainek Donostian edo Bilbon baino pisu handiago dute, eta arrakala sozioekonomikoa EAEko gainerako bi hiriburuetan baino apalagoa da. Alta, datu kezkagarriak ere utzi ditu Gaindegiaren azterketak. Izan ere, Lautadako herritarren %13,7k benetako ongizate-gabezia nozitzen du. Dena den egoera hobetu egin da, 2014 urtean, herritarren %15,9ak benetako ongizate-gabezia zuelako.