Lau mila muslari keinuka

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko ots. 23a, 12:00
Emakumeen parte-hartzea indartzen joan da azken urteetan. EHMUSTXAPELKETA

Hamabigarren aldiz antolatu du Euskal Herriko Mus Federazioak zazpi herrialdeetako muslariak biltzen dituen nazio txapelketa; aurten, finala Gopegin egingo dute, martxoaren 14an.

Kanpezun jokatuko da otsailaren 29an XII. Euskal Herriko Mus txapelketaren Arabako kanporaketa, eta martxoaren 14an egingo dute finala, Gopegin. Lau milatik gora lagunek 2.300 bikotetan banaturik parte hartu zuten iazko edizioan, eta aurten ere marka horretatik gertu izango dira. 250 herritan jokatu da orain arte txapelketa. Azken urtean, gainera, gazte eta emakumeen parte-hartzea indartzen ari dela nabarmendu dute antolatzaileek.

Hamabigarren aldiz antolatu dute aurten zazpi herrialdeetako muslariak biltzen dituen nazio txapelketa. Herriz herri jokatutako partidak oinarritzat hartu eta Euskal Herriko mus txapelketa ehuntzen hasi zen Euskal Herriko Mus Federazioa 2009an. Musean jokatzeko dauden modu eta ohitura ezberdinei lekua eskaintzen diote herrietako kanporaketetan, eta ondoren guztientzako joko arau eta irizpideak bateratu eta bat eginik antolatzen dute Euskal Herri osoko txapelketa. 

50.000 euro baino gehiago banatuko ditu sarietan mus txapelketak. Txapeldunek hiru mila euro eta lau lagunentzat Karibera bidaia eskuratuko dute; txapeldun ordeek, berriz, 1.500 euro eta bi lagunentzako bidaia; eta hirugarrenek 750 euro eta asteburuko egonaldia lau lagunentzat. Finaleko laugarren bikotearentzat 500 euro eta euskaraz ikasteko urte osoko bi matrikula gorde dira.

Gopegin, martxoko finalean, musa eta jaia uztartuko dituzte antolatzaileek. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide