Arabako landa eremuaren krisiari aurre egiteko esperientziak

Erredakzioa 2020ko ots. 18a, 14:01

Arabako lurraldearen %32a nekazaritzara bideratuta dago. / PHOT.OK

Hamahiru urtean 1.400 nekazaritza ustiategi eta 370 abeltzaintza ustiategi desagertu dira Araban. Jose Bove eta Mixel Berhokoirigoin Gasteizen izango dira asteazkenean, lehen sektorea bultzatzeko esperientziak elkarbanatzeko.

Arabako lurraldearen %32a nekazaritzara bideratuta dago, baina landa eremuak krisi egoera bizi izan du azken hamarkadan. Sektorearen batez besteko adina 55 urtekoa da, eta nekazaritzako zein abeltzaintzako ustiategiak, baserriak eta upeltegiak desagertzen ari dira. EUSTATen datuen arabera, azken hamahiru urteetan 1.400 nekazaritza ustiategi eta 370 abeltzaintza ustiategi desagertu dira.

"Proiektu ekonomiko, sozial eta ekologiko zabalago baten eskutik joan behar duen nekazaritza iraunkorra" martxan jartzeko beharra nabarmendu dute EH Bilduko kide Kike Fernandez de Pinedok eta Eva Lopez de Arroyabek.

Europatik datorren Nekazaritza Politika Bateratu (NPB) berriak trantsizio agroekologikoak bultzatzera behartuko du lehen sektorea. Zentzu horretan, lehen sektoreko eta landa inguruneko pertsonekin egoeraz hausnartzea beharrezkoa da, EH Bilduren ustez; baita ideia eta proposamen berriak mahaiaren gainean jartzea ere, "eragile sozial eta politikoen premiak eta mehatxuak aztertuz".

Europako eta Ipar Euskal Herriko esperientziak

Araban lehen sektorea bultzatzeko, Ipar Euskal Herriko eta Europako esperientziak elkarbanatuko dituzte Gasteizen Jose Bove europarlamentariak eta Euskal Herriko Laborarien Batasuneko Mixel Berhokoirigoinek, sektorearen egoera aztertzeko EH Bilduk antolatutako mahainguruan.

Berhokoirigoinek Euskal Herriko Laborantza Ganbararen esperientzia aztertuko du. Izan ere, Ipar Euskal Herrian egitasmo hau abian jartzea lortu dute, tokian tokiko elikadura politika berri bat garatzeko, nekazaritza, ekonomia eta gizarte arloko eragileak koordinatuz.

Bestalde, Jose Boye europarlamentari eta nekazaritza sindikalistak Europako Parlamentuan eztabaidatzen ari den Nekazaritza Politika Bateratu berria aztertuko du. NPB berriak murrizketak aurreikusten ditu orain arte lehen sektorera bideratzen diren laguntzetan.

Testuinguru horretan, sektorearen etorkizunari buruzko "eztabaida sakona" bultzatu nahi du EH Bilduk. Otsailaren 19an, asteazkenean, 18:30ean Goiuri Jauregian izango da hitzordua.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago