ALAVES-MALLORCA

Alavesek atzerapausoa eman du Mallorcan

Ibon Gorrisi 2020ko ots. 16a, 21:44
Talde arabarra esku-hutsik bueltatu da Balearretatik. / ALAVES

Balear irlako taldeak 1-0 irabazi dio eta Pachecok penalti bat gelditu du.

Alavesek aukera paregabea galdu du Son Moix futbol zelaian sailkapenean gora egiteko. Taldea bide onean zegoen Sevilla eta Eibarren aurka lau puntu bilduta zen. Mallorca, ordea, azken hiru neurketak galduta jaitsiera postuetan zen. Gainera golik egin gabe. Horrexegatik, talde arabarrak aukera ezin hobea zuen bolada onari jarraipena emateko. Gorabehera askotako partida izan da eta azkenean 62. minutuan Cucho Hernandez aurrelariak egindako golak eman dio garaipena etxeko taldeari.

Talde arabarra bikain sartu da partiduan. Presio oso goian eginez berehala berreskuratzen zuen baloia. Horrela jarraituz gero, bazirudien gola ailegatuko zela. Etxeko zaleek horren beldur izan dira eta hamargarren minuturako txistuka hasi dira. Burke aurrelariak aukera izan du markagailua mugiarazteko baina ezerezean gelditu da. Handik aurrera Mallorca taldeak berpiztu eta aurrera jo du. Baina gauzak nolakoak diren! Ia-ia lehen zatian amaitzeko hamabost bat minutu falta zirela epaileak bideoaren laguntzaz Alavesen aurkako penaltia adierazi du. Pacheco atezainak, nola ez, Sevilla erdilariak egindako jaurtiketa gelditu du. Geldiketa horri esker berdinketarekin joan dira bi taldeak aldageletara.

Bigarren zatian hasi bezain pronto Alavesek izan du partiduko aukerarik garbiena. Lucas Perez aurrelariak atezainaren aurrean bakarrik zegoela baloia gehiegi gurutzatu du eta gutxigatik kanpora joan da. Gainera jokaldi bikaina izan da. Hor izan da partidaren gakoa. Hortik aurrera gauzak okertu egin dira.

Mallorca jokoaren ekimena eramaten eta arriskua sortzen hasi da. 53. minutuan, berriz ere, bideo laguntzaren bitartez Dani Rodriguezek egindako gola baliogabetu du epaileak. Etxeko taldeak nola edo hala gola nahi zuen eta behin eta berriz aritu da erasora. Azkenean saria jaso du. Izan ere, 62. minutuan Pachecok geldiketa bikaina egin dio Cucho Hernandez aurrelariari, baina alderatzean bakar bakarrik zegoela ez du barkatu eta 1-0koa igoarazi du markagailura.

Garitano entrenatzaileak aldaketak egin ditu berdinketa lortu ahal izateko. Baina alferrik. Hortik aurrera talde arabarra ez da gauza izan gola egiteko. Azkeneko minutuetan aukera pare bat izan ditu baina ezerezean gelditu dira.

Hau pena hau! Lehen maila honetan gol aukerak gauzatu behar dira, bestela Mallorcan gertatutakoa behin eta berriz errepikatzen da. Esku-hutsik eta hurrengo neurketa derbia izango da Athleticen aurka. Ea garaipenaren mozorroa ateratzen den berdegunera.

Mallorca: Reina, Pozo (84’. Sedlar), Valjent, Raillo, Lumor (28’. Koutris), Dani Rodriguez, Baba, Salva Sevilla, Febas (52’. Kubo), Chucho Hernandez, Budimir.

Alaves: Pacheco, Ximo Navarro, Laguardia, Magallan (68’. Manu Garcia), Duarte, Aleix Vidal (76’. Martin), Camarasa, Fejsa, Burke (57’. Edgar); Lucas Perez, Joselu.

Txartel horiak: 40’ Magallan, 71’. Laguardia.

Golak:

1-0: 62’. Cucho Hernandez.

Son Moix futbol zelaiko harmailak:

12.329 ikusle bildu dira Son Moixen garrantzia handiko norgehiagoka ikusteko. Gezurra badirudi ere, Alaves taldeko zale batzuk bertan izan dira eta beti bezala hasi eta bukatu arte taldea animatuz. Etxeko zaleak lehen zatiko zenbait unetan txistuka aritu dira taldearen jokoa kaxkarra zela adierazteko. Talde arabarrak hirugarren elastikoarekin jokatu du, hau da, elastiko zuriarekin.

Alde Zaharrean hitz eta pitz

Eguraldia lagun, Alde Zaharra topera izan da. Bertan futboleko zaleak eta normalean joaten direnak elkartu dira. Hona hemen tabernetan esandakoak:

"Azken bolada honetan eguerdiko poteo orduan dira partidak. Ez dago gaizki, poteo eta gero kafe torero. Beno, azken bolada honetan «arratsalde-jai» edo «tardeo» egiteko aukera paregabea".

"Gaur aukera polita beheko postuetatik ateratzeko. Mallorca bolada txarrean dabil eta, gola eginez gero, garaipena gurea".

"Beno, ze hasiera ona eman diogun partidari. Ea horrela jarraitzen duten, presio eginez, baloia behin eta berriz lapurtzen".

"Aukerak izan ditugu eta ez dute asmatu. Ikusiko duzu gero!".

"Penaltia, hau penalti inozoa. Beno, Pacheco daukagu".

"Pachecoooooooo! Pachecoooooo! Hori da hori atezaina. Hori geldiketa. Benga, aurrera joan behar dugu".

"Beno, eskerrak penaltia ez dutela sartu".

"Atsedenaldira, ondo, emaitza ona. Ea bigarren zatian".

"Lucas Perez, Lucas Perez, baietz, baietz. O! Ze pena hor egon da partida. Horiek sartu behar dira. Ikusiko duzue, sartu ez eta hurrengo jokaldian sartuko digute".

"Ikusi duzue. Gola. Eskerrak oraingo honetan VAR gure alde atera dela".

"Lotan gaude. Esnatu beharra dago. Bestela jai izan dugu".

"Lotan ez hurrengoa! Mallorcako aurrelariak bakarrik errematatu du eta Pacheco gelditu ondoren berriz ere bakarrik saretara bidaltzeko".

"Gureak egin dugu! Orain taldea ez da gauza izango altxatzeko".

"Ez dago ezer egiterik. Orain haiek edozein gauza egingo dute hiru puntuak lortzeko. Behar gorrian baitaude".

"Ze pena! Hurrengo norgehiagoka inauterietan. Athletic taldeari bai ala bai irabazi behar diogu. Gainera Kopan pentsatzen izango dira".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide