Physis Versus Nomos taldearekin hitzordua, asteburuko planen artean

Erredakzioa 2020ko ots. 14a, 10:50
Laudioko Faktorian arituko da Physis Versus Nomos taldea.

Zea Mays taldeak ere kontzertua eskainiko du Gasteizko Jimmy Jazzen. Igandean, Lur eta Amets ikuskizunaren emanaldia izango da Florida zinemetan.

Herri inauteriak hilabete honetako asteburuetako protagonista nagusiak badira ere, badaude etxetik ateratzeko aitzakiatzat balio duten bestelako ekintzak.

Trebiñu aldera jota, esaterako, gaur bertan aurkeztuko dute Udalbiltzaren Hauspotu, herriak bizituz! proiektua, udaletxean. Egitasmoak Ekonomia Sozial Eraldatzailean oinarritzen diren proiektuak sustatzeko xedea du, eta horiek aurkezteko jardunaldiak antolatu dituzte Euskal Herri mailan; Arabaren kasuan, Amillena eta Lakari proiektuak ezagutaraziko dituzte, 16:30ean. Bestalde, Lautadara salto egiten badugu, Arabako Bertso Kuadrilla Artekoaren beste hitzordu bat izango da, Aguraingo Katarri elkartean. Bertsolarriak (Mendiola) eta LPR Lautadako Phoemian Rhapsody (Agurain) arituko dira bertsotan, 21:30ean.

Larunbatak ere hainbat ekintza dakar. Alde batetik, Abadelaueta Talde Etnografikoak Fronte Frankista ibilbidea antolatu du Zigoitiko Bengolarra parkean. Oroimen historikoa lantzeko prestatu dituzten hamabi ibilaldietako bat da hau, eta, besteak beste, Muruko eliza, San Tomas lubaki gunea, San Roke eliza, galtzada, eta Aldai bezalako tokiak bisitatuko dituzte. Ibilbidea 9:30etik 14:30era iraungo du. Bestetik, Zea Mays taldeak kontzertua eskainiko du, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan 21:15etik aurrera, Atera disko berriaren aurkezpen biraren barruan. Laudion ere musikaz gozatzeko parada izango dute, Physis Versus Nomos taldearen eskutik, Arrastiak Faktorian zikloaren emanaldian. Kontzertua 20:00 izango da, Faktorian.

Euskararen Agendak haurrei zuzendutako hainbat ekintza bildu ditu iganderako ere. Batetik, Gasteizen Lur eta Amets filma eskainiko dute Florida zinemetan, 12:00etatik aurrera. Dulantzin, bestalde, Arni Asgeirsson zuzendariaren Ploey filma proiektatuko dute, Micaela Portilla kultur etxean.

Horiez gain, beste ekintza asko bildu ditu Euskararen Agenda atalak astebururako, baita astean zehar izango direnak ere.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide