Jolasa, elkarbizitzarako gakoa

Erredakzioa 2020ko ots. 14a, 11:17
'Harri, orri, ar' antzezlaneko lantaldea Gasteizko entseguetako batean. / Pez Limbo

Euskal Herriko gatazka abiapuntu, "hausnarketa eta autokritikarako" lana izan nahi du Pez Limboren  'Harri, orri, ar' obrak; Gasteizko Principal antzokian aurkeztuko dute hilaren 19an eta 20an.

2011ko irailaren 5ean ETAk su etena iragarri zuen, BBC kateari helarazitako komunikatu baten bitartez. Euskaldunek gogoan dute non zeuden, zer sentitu zuten, momentu hartan zer pentsatu zuten. Aldiz, hitz egiten al da hortaz lagun talde eta familietan? Hori abiapuntu, taula gainera eramango du Pez Limbo taldeak "jarrera eta pentsamendu politikotik harago" doan elkarbizitza ariketa Harri, orri, ar obrarekin. Gasteizko Principal antzokian izango da estreinaldia hilaren 19an, Victoria Eugenia eta Arriaga antzokiekin elkarlanean ondutako lana.

Testigantza formatua duen antzerki proposamen honek ikusleari arakatu gabeko gunea ireki nahi dio. "Gizarte moduan garenaren inguruko argia egingo duen espazio bat, elkarbizitzaz gogoeta egingo duena; guztiok aintzat hartuko gaituen gune bat", azaldu du Maria Goirizelaia zuzendariak. Gertakizun historikoen erreferentzia galdu gabe, proposamena errealitatea eta fikzioaren artean igarotzen da, belaunaldi ezberdinen arteko gune irekia moldatzeko, eta herrialdearen historia eta norberarenaren arteko gurutzaketa proposatuz. Hala, edozein patio izan daitekeen horren barruan, Euskal Herriko egungo gertuko istorio gordinenak ezagutzeko aukera ematen du jolasak, lantaldetik nabarmendu dutenez. "Elkarbizitzarako aukera bat da, gure herria hobeto ezagutzeko eta politikak utzi dizkigun estereotipoak zalantzan jartzeko".

Gasteizen estreinaldia

Maria Goirizelaiak idatzi eta zuzenduta, euskal aktore talde zabala izango da oholtza gainean; Iñake Irastorza, Nagore Gonzalez, Martxelo Rubio, Josune Velez de Mendizabal, Haizea Baiges, Jontxu Martinez eta Egoitz Sanchez arduratuko dira eskola jolastokian bilduko diren pertsonaiak taulara eramateaz.

Otsailaren 19an euskaraz aurkeztuko dute Harri, orri, ar Gasteizko Principal antzokian, 20:30ean, eta egun bat beranduago ikusi ahal izango da gaztelaniaz El patio de mi casa. Bilbo, Donostia, Basauri, Durango Ermua, Ordizia, Zornotza, Sestao eta beste hainbat antzokitara helduko dira hurrengo asteetan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide