Euskara doan ikasteko aukera izango dute bost mila arabarrek

Erredakzioa 2020ko ots. 13a, 17:27

Euskara ikasteko diru-laguntzak abenduan banatuko dituzte. ALEA

EAEko euskaltegietan B2 mailara arteko ikasketak doakoak dira dagoeneko. Ikasleek, baina, bi baldintza bete beharko dituzte: %75eko asistentzia bermatzea eta dagokien maila gainditzea.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako HABEko euskaltegietan B2 mailara arte euskara ikasten ari diren ikasleek ikastaroa doan egin ahal izango dute Eusko Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek eta Eudelek hitzartutako akordioaren ondorioz. Hala, A1, A2 eta B1 mailen kasuan, euskaltegien bidez maila egiaztatzen duten ikasle guztiek diru-laguntzak jaso ahal izango dituzte, beti ere asistentzia baldintzak ere betetzen badituzte. B2 mailako ikasleen kasuan, berriz,  HABEko azterketa gainditu beharko dute diru-laguntza lortzeko. Hala ere, irailetik aurrera maila guztietako ikasleentzat, B2koentzat barne, nahikoa izango da euskaltegiko maila gainditzea.

Arabako Diputazioko Euskara eta Gobernu Irekiaren zuzendari Lexuri Ugartek akordioaren garrantzia azpimarratu du: "Txikitasunean handi, Arabak pausu berri bat eman nahi du. Euskarak lankidetza, konpromisoa eta elkarlana behar zituen eta erakundeok emateko gai garela erakutsi nahi dugu. Behin eta berriz euskararen erabilera sustatu beharra dagoela aldarrikatu dugu, baina erabilera sustatzeko ezagutu beharra dago, eta gaur, oraindik ere asko dira bide horri ekin ez diotenak".

Ugartek azaldu duenez, aurtengo datuen arabera, Araban 5.000 lagunek izena eman zuten herrialdean dauden hamabost euskaltegietan. "Aurten 185.000 euro eskainiko ditugu ezagutza areagotze aldera, eta pausuz pausu, oztopoak oztopo, euskara ezagutu, euskara erabili, euskara bizkortu dadin lortuko dugu".

Diru-laguntzak jasotzeko epeari dagokionez, 2020ko urtarriletik irailera arte A1, A2, B1 edo B2 maila gainditzen dutenek, abenduan jasoko dute laguntza. Zenbatekoari erreparatuz, ikasleak maila hori gainditzeko jarritako diru-kopurua itzultzera joko da, beti ere ikasprozesuaren kostuen baitan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago