Eszena, baratzetik zuzenean

Erredakzioa 2020ko ots. 12a, 18:19
'Gesto' lana igandean aurkeztuko du Inextremis taldeak. / Inextremis

Otsailaren 14tik 16ra bitartean Baratza aretoarekin harremana duten artisten obrak ikusi ahal izango dira; azkeneko Bertako Jaialdia izango da, etorkizunera egokitutako formatua berritzeko asmoarekin.

Baratza aretoan sortzen diren edo aretoari lotuta dauden sorkuntza eszenikoak publikoari hurbiltzeko asmoz, Bertako Jaialdia izeneko zikloa ospatuko dute hilaren 14tik 16ra bitartean. Gasteizko espazioak urtean zehar hartzen dituen erresidentzia artistikoetan sortutakoak edo aretoaren sare profesionalekin harremana daukaten artisten lanaren emaitza dira ikuskizun horiek. Laugarren jaialdi honekin amaiera emango diote etapa bati.

Aurtengo edizioan bertako zein nazioarteko artistek aurkeztuko dituzte euren proposamenak. Hala, otsailaren 14ean (ostirala), 20:00etan, Fanny Giraudek irekiko du jaialdia Juntos. Diálogo de una soledad acompañada ikuskizunarekin. Clown jokoan aditua den pailazoa da Giraud, eta 2014ko Feten azokan emakumezko aktore onenaren saria jaso zuen, besteak beste.

Larunbatean, hilaren 15ean, 20:00etan, ikusleek Gasteizko eszenako klasiko batekin topo egiteko aukera izango dute: Detritus Teatrus konpainia arabarrak sortutako Ovarios Verdes Fritos antzezlana. Obra honen protagonista Mastur Batetu Catalina doktorea da, oroimena eta pixa galtzen aditua, eta ikusleak kontakizun probokatzaile, hausgarri eta dibertigarri batean murgiltzera gonbidatuko ditu.

Bukatzeko, otsailaren 16an, 19:00etatik aurrera, bi proposamen izango dira Bertako Jaialdian: batetik, Grupo Inextremis taldearen Gesto lana. Konpainia hau 2016an sortu zen Oliteko Antzerki Klasikoko Jaialdian proiektu bat garatzeko helburuarekin, baina bere ibilbidea luzatu du gaur arte, sari ezberdinak jasoz, 2017ko proiektu eszeniko onenari Gayarre saria, besteak beste; eta, bestetik, Latencia obra, sormen prozesu gisa aurkeztuko dena, Susanne Grau alemaniarrak sortuta. Dantzariak xehetasunekin maitemintzera gonbidatuko du publikoa. Baratzak Latencia  proiektua bere erresidentzia artistikoen programaren bitartez laguntzen du; honi esker aretoan egongo da lanean Grau otsailaren 4tik 16ra.

Aldez aurreko sarrera salmenta jarri dute Baratzaren salabaratza.com webgunean.

Etorkizunera egokitu

Laugarren edizio honekin, Bertako Jaialdiak amaiera emango dio ibilbideari. "2020ko lanak gehituta, hogei inguru dira publikoari eskaini dizkiogun proposamen eszeniko garaikideak, hala, Baratzatik gertu jaiotzen denari ahotsa eta espazioa emanez", azaldu dute aretotik. "Aurtengo edizioa eta gero, etorkizunera egokituago dagoen beste formatu bat izango da jaialdia; horren inguruan hausnartzen ari gara gaur egun".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide