Ihauteriak

Otsaila koloreztatuko dute Arabako ihauteriek

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko ots. 12a, 10:46
Otsailaren 15ean, herri ihauteriak ospatuko dituzte Ilarduia, Egino eta Andoinen. / ALEA

Herrietako larruak eta pertsonaia mitikoak hiriko karroza ikusgarriekin eta soinu tropikalekin nahastuko dira hilabete honetan. Kuartangoko herri ihauteriak pasata, larunbat honetan izango da Ilarduia, Egino eta Andoingo txanda.

Nahasmena dakar ihauteriak: askotariko mozorroak, lehengo eta oraingo tradizioak, landa-ihauteak eta hiriko jaiak, doinu tropikalak eta makilen hotsak, larruzko zein lastozko gizonak eta pertsonaia biralen imitazioak; guztiak nahastuko dira hilabete luzez. Bada, udaberrira sartu aurreko errituak ospakizun bilakatuko dituzte arabarrek iragan larunbatetik aurrera.

Hala, otsailaren 8an, Kuartangok piztu zuen herri inauterien lehenengo sua, hartzaren ehizarekin, eta Salcedok itzaliko du, hilaren 29an, Porreteroa epaituz. Bitartean, hilaren 15ean, Ilarduia, Egino eta Andoinen etxez etxe dantzaka eta jolasean arituko dira beste behin ere, eta ondoren, Porreroari su emango diote.

Zalduondon, berriz, otsailaren 23an, herritik paseatu eta gero, epaitu eta sutan erreko dute Markitos, gaitz guztien erruduna; eta hilaren 25ean, Kanpezun, Toribio izeneko lastozko gizona Ega ibaian itoko dute.

Hala ere, Arabako herri gehienetan eta baita hiriburuan ere, otsailaren 21etik 25era egingo dira inauteriarekin loturiko ekitaldi nagusiak. Herri batzuetako jaiek hiriko inauterietako ezaugarriak hartu dituzte, nahiz eta herriko landa iraganeko tradizioren bat gorde duten.

Agurainen, esate baterako, Porreroa eta Sorgina jaitsiko dira ostiralean Opakuatik, eta inauteri osoak emango dituzte udaletxeko balkoian.

Laudion, berriz, Leziagako leizean bizi zen emakumearen kondaira gogora ekartzen duen Leziagako sorginaren pertsonaia aterako dute konpartsek. Iragan urtera arte, sorgina erretzen zuten asteartean, baina iaz erabaki zuten, pertsonaiari omenaldia egitea, sorgin guztiekiko aitortza gisa.

Bide apurtzailea hartu dute ere Urkabustaizen, eta antzinako osagaiak hartuta, herri inauteri "basatiak" sortu dituzte gazteek. Zakuak, animalia-hezurrak, larruak eta trapu zaharrak eramaten dituzte, eta inprobisatzen dute.

Gasteizen, margolariak

Gasteizen, azken urteotan, tradizio batzuk berreskuratu dituzte, hala nola Ostegun Gizena edo Gasteizko Margolarien etorrera. Hiriburuan, inauterietako egun nagusia larunbata da. Abesti ezagunak kontatzen duen moduan, egun horretan iristen baitira margolariak "Atxuriko eta Amarako geltokiak margotzen amaitu eta gero".

Hortaz, eguerdian, tren geltokian ongietorria egingo zaie margolariei, eta ondoren, Arka plazara abiatuko dira, jai giroan, bertan dagoen Ibiltaria estatuari mozorroa janztera. Arratsaldean, konpartsen eta karrozen desfilea hiriko kale nagusietan barrena joango da Iparralde gizarte etxetik Florida parkeraino. Aurten, 26 konpartsa eta 7.162 lagunek parte hartuko dute otsailaren 22an eta 23an egingo den desfilean.

Ostegun Gizena ere ospatuko dute, otsailaren 20an, arratsaldez. Egun horretan, Gasteizko erdialdeko kaleetatik kalejira bat egingo dute Musiketxeak antolatuta; eta, Goian elkartearen eskutik, iaz egin zuten bezala, berriki euskaratu duten Gasteizko margolariak kanta abestuko dute Alde Zaharrean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide