Indarkeria jasaten duten emakumeentzat egonaldi ertaineko harrera egoitzako lehen foru zentroa jarri du abian Arabako Aldundiak. Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen bidez, baliabide hori eskainiko die gehienez ere lau familia unitateri.
Elkarbizitza gatazka larriak dauzkaten eta osotasun fisikoa arriskuan izan dezaketen emakumeei "arreta integral berezitua" eta "egonaldi ertaineko ostatua" ematea du helburu egitasmoak; batez ere, generoa dela-eta tratu txarrak izaten dituzten edo babesgabe eta baztertuta dauden biktimentzat, eta baita haien seme-alabentzat eta haien menpe dauden pertsonentzat ere. El Carmek joan den urtarriletik dauzka lehenengo erabiltzaileak: lau emakume eta bost neska-mutil. Zentro berrian hezkuntza arloko profesional talde bat dago, eta gizarte integratzaile eta hezitzaileek osatzen dute.
Aldunditik azaldu dutenez, biktimei arreta emateko gero eta premia handiagoa dagoenez, beharrezkoa izan da martxan jartzea zentro berri hau, eta aurten Berehalako beste Harrera Zentro bat (BHZ) irekiko da urgentziazko egoeretarako; kasu horietan emakumeek berehala utzi behar dute beren etxea, eta zentro horrek arreta eta ostatua emango die beste bost familia unitateri.