ALAVES - EIBAR

Alavesek garrantzi handiko garaipena lortu du

Ibon Gorrisi 2020ko ots. 10a, 11:06
Merezimendu osoz irabazitako hiru puntu izan dira. / ALAVES

Eibar taldeari 2-1 irabazita, urrats sendoa egin du mailari eusteko.

Alavesek garrantzi handiko hiru puntu eskuratu ditu. Garaipenak balio izugarria dauka. Batetik, urrats sendoa mailari eusteko lehian ematen duelako eta, bestetik, etxean izandako bolada txarra eten duelako. Izan ere, lau jardunaldi zeramatzan etxean irabazi gabe, eta hamabi puntutatik bi besterik ez zituen lortu. Beraz, lorturikoak balio izango du lasaitasunez aurrera begiratzeko.

Lehen zatian bi taldeek golik ez jasotzea izan dute helburu. Alavesek Eibar taldearen eskuetan utzi du baloiaren jabetza eta kontraeraso baten zain izan da. Bisitariek zelai erdian ondo mugitu dute baloia baina ez dute inongo arriskurik sortu. Bi entrenatzaileek esan zuten gola egingo zuen taldeak eramango zuela partida. Horrexegatik, lehen zati honetan ez batak ez besteak ez dute inongo zirrikiturik utzi area ingurura hurbiltzeko. Aukerarik garbiena Ximo Navarrok izan du aurreneko zatia amaitzear zela. Baina egindako jaurtiketa Dmitrovicek geratu du.

Bigarren zatian hasi bezain pronto, Alavesek Lucas Perezen bitartez lehen gola egin du. Eibar taldeko atzelariek huts egin dute, Joseluk hartu du baloia eta pase bikaina eman dio aurrelari galiziarrari eta honek saretara bidali du. Gol horrek arriskatzera behartu du Eibar eta talde arabarrak kontraerasora jokatuz aukera asko sortu ditu. Berriz ere, talde armaginak egindako huts baten ondoren bigarren gola ailegatu da. Jokaldi azkarra izan da eta, bakar bakarrik zela, Burke aurrelariak saretara bidali du baloia. Garaipena erabat bideratuta zegoen baina oraindik ere minutuak gelditzen ziren.

Eibarrek dena galduta izanik, lerroak erabat aurreratu ditu eta golaren bila aritu da. Horietariko batean Orellanak areaz kanpotik egindako jaurtiketa saretara bidali du baloia. Itxaropenaren gola izan da baina hortik aurrera Alavesek seriotasunez jokatu du eta ia-ia arriskurik gabe bukatu da norgehiagoka. Azkenean festa izugarria Mendizorrotzean.

Merezimendu osoz irabazitako hiru puntu izan dira. Orain, berriz ere, etxetik kanpo zerbait urratu egin behar da helburua lortu ahal izateko. Hurrengo larunbatean, 13:00etan Mallorca taldea aurkari izango da. Aukera paregabea puntuak lortu ahal izateko.

Alaves: Pacheco, Ximo Navarro, Laguardia, Magallan, Duarte, Aleix Vidal, Fejsa (46’. Lucas Perez), Manu Garcia, Burke (71’. Edgar), Camarasa, Joselu (82’ Martin).

Txartel horiak: 35’. Aleix Vidal, 74’ Ximo Navarro, 86’. Manu Garcia.

Eibar: Dmitrovic, Arbilla, Bigas (72’ De Blasis), Burgos, Cote, Diop, Cristoforo (83’. Inui), Edu Exposito, Pedro Leon (57’. Charles), Orellana, Sergi Enrich.

Txartel horiak: 52’. Pedro Léon, 91’. Charles.

Golak:

1-0: 47’. Lucas Perez.

2-0: 66’. Burke.

2-1: 83’. Orellana.

Mendizorrotza futbol zelaiko harmailak:

17.089 ikusle bildu dira derbia ikusteko. Eibar herritik zaleak etorri dira eta Alavesekoekin batera kantuan eta animoak ematen izan dira. Egia esanda, pena da era honetako derbiak larunbatetan ez izatea. Izan ere, bi taldeetako zaleek aukera izango zuten Alde Zaharrean elkar hartuta eguna pasa ahal izateko. Dena den, Mendizorrotza futbol zelaian giro paregabea izan da.

Harmailetan hitz eta pitz

Zaleak zereginak utzi eta ogitartekoak prestatua futbol zelaira joan dira. Denek azpimarratzen zuten partida oso garrantzitsua izango zela. Hona hemen izandako elkarrizketak:

"Partida oso-oso zaila. Ikusiko dugu, baina garaipena lortuz gero pausu garrantzitsua emango genuke lehen mailan jarraitzeko".

"Lucas Perez, hamaikakotik kanpo. Beno, beti bezala lehen zatia eustera eta bigarren zatian, Ipuruan egin genuen bezala, golak sartzera".

"Eibarrena da ekimena. Guk beti bezala atzealdean kontraeraso baten zain. Ikusiko dugu, baina era honetako partidetan gola sartzen duenak normalean partidua irabazten du".

"Beno, egia esanda, baloia dute baina ez dute gol aukerarik sortu. Pacheco hor dago, partida lasai ikusten".

"Joango gara bokata ateratzen, badirudi lehen zatia bukatuko dela eta hutsean berdinketarekin joango garela aldageletara".

"Uf, Ximo Navarrok egin duen jaurtiketa. Bikaina, hor izango dugu".

"Gooooool! Ikusten duzue, Lucas Perezek sartu du. Eskerrak atera duela bigarren zati honetan. Ikusten duzue zer nolako aurrelaria den galiziarra".

"Orain, bai izan dugu zortea. Lehen jokaldian gola egin. Orain, badakizue zer egin behar dugun. Eutsi, eutsi eta eutsi, eta bigarrena etorriko da".

"Eibarrek aurreratu ditu lerroak, azaroak sortuko dizkigu".

"Kontraeraso eta goooool, bikaina jokaldi bikaina. Burkek bakar bakarrik egin du. Ondo, ondo, hiru puntu hauek oso garrantzitsuak dira".

"Kontuz, kontuz, Orellanak egin du gola. Beti bezala sufritzera".

"Ondo, ondo, garaipena eta hurrengo larunbatean Mallorca. Irabaztera, baietz."

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide