salaketa

Santiago ospitaleko sukaldearen kudeaketa ikuskatzea baztertu du Legebiltzarrak

Erredakzioa 2020ko otsailaren 6a

Kontzentrazioa egin dute LAB sindikatuko kideek Legebiltzarrean.

LABek "irregulartasunak" salatu ditu Fiskaltzaren aurrean, "diru publikoaren kargura hornitzen ari direlako enpresa pribatu batek eman beharko lituzkeen produktuak"; sindikatuak 200.000 euroko gainkostua dagoela adierazi du.

LAB sindikatuak, iragan urteko azaroan, Santiago ospitalearen sukaldearen kudeaketan salatu zituen "irregulartasunak" aztertu ditu gaur Eusko Legebiltzarrak. Izan ere, Nekane Murga Osasun sailburuaren agerraldia eskatu zuen EH Bilduk gai honen inguruan azalpenak eman zitzan. Azkenean, sailburuak ez du agerraldia egin gaur, baina EH Bilduk proposatu du ikuskatzea eta diru publikoaren desbideraketagatik ardurak ikertu eta zehaztea. Alta, EAJren eta PSEren kontrako botoekin eta PPren abstentzioarekin, proposamena atzera bota dute. 

Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak azpimarratu du "beharrezkoa" dela ikuskaritza bat egitea; eta berretsi du Fiskaltzak "edozer esaten duela ere", Eusko Jaurlaritzak "erantzukizunez" jokatu behar duela. "Osakidetzari kalte egiten diona haren jokabidea da, eta ez ikerketa bat irekitzea", gaineratu du.

Ildo beretik mintzatu da Elkarrekin Podemoseko Juan Luis Uria, EH Bilduren proposamena babestuz, eta EAJri eskatu dio beste aldera ez begiratzeko eta gaiari heltzeko: "Arabako ESIko zuzendaria banintz, ustezko irregulartasunen zantzuak ikusita, barne-ikuskaritza bat antolatuko nuke".

EAJko Estibaliz Larrauri legebiltzarkideak, ordea, zalantzan jarri du LABek datuen inguruan egin duen irakurketa, eta adierazi du Osakidetzak ezin dituela bere kontratu guztien gaineko ikuskaritza egin, "une jakin batean datu batzuk ez dutelako koadratzen". Bide beretik, PSEko Natalia Rojok EH Bilduri leporatu dio "alderdikerietan" aritzea, "erakundea babesteaz harago". PPk adierazi du LABen salaketaren berri izan arte itxarongo duela.

Eztabaida iraun duen bitartean, LABek kontzentrazioa egin du Eusko Legebiltzarraren aurrean. Sindikatuko arduradunek kritikatu dute salaketa aurkeztu zutenetik, Arabako Osakidetzako zuzendaritzak ez duela azalpenik eman. "Hiru hilabete igaro dira, eta oraindik ez dugu Santiagoko ospitalean gertatu denaren inolako azalpenik lortu, eta oso larria iruditzen zaigu", esan dute.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago