ALAVES-SEVILLA

Alavesek balio handiko puntua urratu du Sevillan

Ibon Gorrisi 2020ko ots. 3a, 10:30
Lehen laurdena gaindituta, Alavesek jokoa berreskuratu du. / ALAVES

Bana berdindu du Sanchez Pizjuanen jokaturiko norgehiagokan.

Alavesek partida oso serio jokatuta balio handiko puntua urratu du. Sevilla Kopatik kanpo geratu ondoren premia larrian zegoen. Garaipena behar zuen goi postuetan jarraitzeko. Hori jakinda, arabarrak oso ondo jarri dira berdegunean eta etxeko taldeak ez du inongo gol aukerarik izan. Arabako taldea 70. minutuan aurreratu da, Joseluren golarekin, eta andaluziarrek penaltiz berdindu egin dute zazpi minutu geroago Ocamposen golarekin.

Lucas Perez aurrelariaren azken uneko bajak erabat baldintzatu du Alavesen hamaikakoa. Horren ondorioz, Garitanok bost jokalari jarri ditu atzealdean, zelai erdian hiru eta aurrealdean Burke eta Joselu jarri ditu. Taldeak sendotasun ikaragarria erakutsi du. Sevillak lehen zatian ez du inongo aukerarik izan gola egin ahal izateko. Nahiz eta defentsa lanetan aritu, talde arabarrak atsedenaldira joateko gutxi falta zela aukera paregabea izan du. Camarasak pase zoragarria egin dio Joseluri eta honen errematea Vaclik atezainak desbideratu du. Talde andaluziarra arabarren menpe zegoen eta epaileak lehen zatiko bukaera adierazi duenean zaleek txistuen artean agurtu dute.

Bigarren zatian, Lopetegik aldaketak egin ditu erasoko jokoa hobetzeko. Hasierako minutuetan Sevillak pare bat aukera izan ditu markagailua mugiarazteko baina ezerezean geratu dira. Zati honetako lehen laurdena gaindituta Alavesek berreskuratu du bere jokoa eta ondo baino hobeto eutsi dio talde andaluziarrari. Azken txanpan partida sartu denean Alavesek gola egin du. Estrategiako jokaldia izan da eta Joseluk saretara bidali du. Une honetan Sanchez Pizjuanen txistuak izan dira nagusi. Izan ere, bertako zaleek haserrea adierazi dute taldeak egiten ari zaren jokoarekin. Halere, sei minutu geroxeago, Navas atzelariak egindako erdiraketa Duartek eskuz urrundu du eta epaileak penaltia adierazi du. Ocampos argentinarrak ez du barkatu eta berdinketa jarri du markagailuan. Hortik aurrera, bai batak zein besteak ez dute gol aukerarik izan eta banako berdinketa bukatu da norgehiagoka.

Hurrengo partida derbia izango da, Eibarren aurka, ostiral honetan 21:00etan. Etxetik kanpo lorturikoa etxean baieztatu egin beharra dago. Garaipena behar da.

-

Sevilla: Vaclik, Jesus Navas, Kounde, Sergi Gomez, Reguilon, Jordan (Franco Vazquez), Fernando, Banega, Ocampos, Nolito (50’ Suso), De Jong (77’. En Nesyri).

Txartel horiak: 47’. Reguillon, 80’. Franco Vazquez.

Alaves: Pacheco, Martin (86’. Borja Sainz), Ximo Navarro, Laguardia, Magallan, Duarte, Camarasa, Fejsa (57’. Luis Rioja), Manu Garcia, Burke (57’. Pere Pons), Joselu.

Txartel horiak: 63’. Laguardia

Golak:

0-1: 70’. Joselu.

1-1: 77’. Ocampos (penaltiz).

Sanchez Pizjuan futbol zelaiko harmailak:

36.286 ikusle bildu dira Sanchez Pizjuan futbol zelaian. Bertako zaleek txistuen artean hartu eta agurtu dute Sevilla taldea. Izan ere, aste gogorra izan da haientzat Kopatik kanpo geratu direlako eta Alavesen kontra garaipena ez dutelako lortu. Arabatik joandako zaleak ere bertaratu dira eta partida osoan zehar animatzen eta kantuetan aritu dira.

Alde Zaharreko tabernetan hitz eta pitz:

Eguraldia lagun, Alde Zaharra eguerdiz jendez lepo izan da. Partida hasteko gutxi falta dela terrazetan kabitu ezinik.

"Ikusiko dugu gaur ea zer egiten duten. Oso partida zaila da. Gainera, haiek Kopatik kanpo geratu ondoren, irabazi ala irabazi beste erremediorik ez daukate. Bestela, Lopetegik jai dauka".

"Baina zer da hau, zer-nolako hamaikakoa zelairatu duen. Hiru zentralak, hau da, atzealdean bost jokalari. Beno, gutxienez golik ez dugu jasoko".

"Itxura ona dauka partidak. Planteamendua ona da. Ikusten da haiek ezin dutela beren jokoa egin. Ondo baino hobeto jarrita gaude. Beno, fitxaje berriak itxura ona dauka. Ikusiko dugu".

"Haiek ezertxo ere egin gabe joan zaigu lehen zatian. Ez dago gaizki berdinketa. Orain bigarren zatian Levanteren aurka egin genuena egin behar dugu, kontraerasora jokatu eta gola".

"Uf, haiek garaipena nahi eta behar dute. Baina beno, ondo ari gara. Ikusiko duzu, bigarren zatian tokatu zaigu sufritzea baina halako batean harrapatuz gero, garaipena guretzat".

"Golaaaaa! Hori da hori, ondo egindako jokaldia. Gola, gola, eta horrela jarraituz gero garaipena. Horrela jokatu behar da".

"Zer gutxi iraun duen alaitasunak. Penaltia, zer pena!".

"Gola. Beno, berdinketa ez da batere txarra. Ikusiko dugu orain gelditzen dena sufrikarioa izango da".

"Bada, ez, ondo ari gara. Eutsi eta eutsi. Benga, bada, berdinketa oso ona da. Sevilla kriston taldea da. Uf, eskerrak bukaera eta puntua urratuta. Hurrengo partida derbia Eibarren aurka. Garaipena baietz!".

 

 
 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide