Arabak txoko ederrak gordetzen dituela ez da kontu ezezaguna. Naturak oparitutako paisaia eta bazter ezberdinez osatua dago lurraldea, eta horietan murgiltzera gonbidatzen duten ibilbideak asko dira. Hori abiapuntutzat hartuta, eta Arabako mendiei eta lurraldeari buruzko informazioa emateko asmoz, web orri bat prestatu du Xabier Beristain mendizale gipuzkoarrak: arabakomendiak.eus. Euskara hutsean.
Duela zazpi urte Azkoitia utzi eta Arabara iritsi zen lan egitera eta bizitzera Beristain, eta ordutik hemengo bazterrak ezagutzen ibili da, mendiz mendi. Lehenengo txangoa Toloño aldera egin zuela gogoratu du Alea FM saioan; euripean, eta, eguraldia aurka izan arren, Arabako lurrek eragindako "magnetismo" batek erakarri zuela aitortu du.
Inguruetako informazioa bilatzen hasi zenean, ordea, gehiena gaztelaniaz zela ohartu zen. Horregatik, euskarazko webgune bat martxan jartzea erabaki zuen. Hasierako asmoa zerbait sinplea eta argia egitea zen, eta halaxe izan da. Webgunean sartzean, bi botoi eta Euskal Herriko mapa bat besterik ez daude. Lehenengo botoiak informazio orokorrera bideratzen du irakurlea; bertan Geologia, Hidrografia, Topografia, Landaretza eta Zuhaitz Gida izeneko atalak ikusiko ditu. Euskal Herriko mapan, bestetik, 39 gailurretara daramaten 30 mendi ibilbide agertzen dira, ikono batez irudikatuta.
Ikono edo proposamen bakoitzaren barruan, bost atal daude: ibilbidea, mendian ez galtzeko moduko argibideekin; Wikiloc tokira bideratzen duen lotura, modu profesionalagoan doazenentzat; eremua ezagutzen laguntzen duen 3D edo animazioz egindako ibilbidea; mendi horren inguruan egon daitezkeen bisitatzeko puntu interesgarrien gomendioak eta, azkenik, argazki galeria.
Araba ezagutu nahi eta mendia gustatzen zaion edonorentzat zuzenduta dago webgunea. Ibilbide guztiak nahiko errazak dira, eta teknikoki ez oso zorrotzak. Orokorrean, ordu eta erdian egiteko modukoak dira. Gainera, webguneko arduradunarekin harremanetan jartzeko aukera ematen du, gomendioren bat luzatu nahi izanez gero, edo akats baten berri emateko.
Orain arte 30 ibilbide osatu baditu ere, zerrenda ez dago itxita. Hurrengo irteeretan ezagutuko dituen bideak eta bazterrak ere ezagutzera emateko asmoa du Beristainek.
Momentuz, mendizale arabarrek badute aitzakia eroso jantzi eta Toloño, San Tirso, Aratz edo Zaldiaran bezalako mendietara igo eta Arabako lurraldeak eskaintzen duen paisaiaz gozatzeko