U30 Greba Orokorra

"Bizitzak erdigunean" jartzeko, mobilizazio zabala Gasteizen

Erredakzioa 2020ko urt. 30a, 13:47

Milaka lagun elkartu ditu Gasteizko manifestazioak. / E. Anda

Pentsionistak buru, 25.000 lagun elkartu ditu hiriburuko manifestazioak.

Pentsio publiko duinak orain! Lana eta bizitza duina denontzat goiburu, manifestazio zabal batek zeharkatu ditu Gasteizko kaleak eguerdian. Greba orokorrarekin bat, milaka lagun batu dira lurraldean izan den mobilizazio handienera. Pentsionistak buru, gazteak, feministak, langileak eta beste hainbat mugimendu elkartu ditu deialdiak. Hiriburuko txoko desberdinetatik abiatutako zutabeak elkartu ditu Bilbo plazatik Andre Maria Zuriaren plazara arte egindako manifestazioak; antolatzaileen arabera, 25.000 lagun izan dira han.

Lan, pentsio eta bizitza duinen aldeko aldarrikapenek jarraipen zabala izan dute goizean goizetik.  LAB eta ELA sindikatuek egin dituzten balorazioen arabera, lan jarduera ohikoa baino baxuagoa izan da, eta trafiko kopuruan ere nabaritu da goizetik. Besteak beste, Condesa, Inauxa, Amurrio Ferrocarril, Envases Metalúrgicos, Jez, Auria, SDA, Laminaciones Arregui, Guardian, Sidenor Legutio, Arcelor Agurain eta Froneri enpresetako ekoizpena geldirik izan da.

Hainbat herritako merkatari txikiek ere grebarekin bat egin dute; Agurain eta Aramaion, esaterako, itxita egon dira denda gehienak. Zerbitzu publikoetan, berriz, sindikatuek jasotakoaren arabera, jarraipen zabala egin dute, besteak beste, Laudio, Legutio eta Agurainen. Arabako ikastetxe publikoei dagokienez, guztira %68.6 joan dira grebara, eta ikastoletan %81.

'Mugarria'

"Egunaren balorazioa oso positiboa da. Batez ere mugarri bat delako, eta hemendik aurrera fase berri bat hasiko dugulako; ez gara konformatuko makillaje hutsarekin, bizitzak erdigunean jarri arte jarraituko dugu borroka", adierazi du LAB sindikatuko ordezkariak manifestazioa abiatu aurretik.

SEA Arabako Enpresariak elkarteak, bere aldetik, grebaren jarraipena "hutsa" izan dela nabarmendu du ohar batean. Langileak lanera "erabateko normaltasunez" joan direla esan du, pikete informatibo batzuek lana atzeratu duten arren; greba Arabako langileen %6ak egin duela azpimarratu du. "Lan baldintza eta baldintza ekonomikoekin zerikusirik ez duen greba da hau".

Poliziaren kargak

Goizetik pikete zutabeek egindako protesten artean, hainbat istilu izan dira, horietako nagusiak Gasteizen.  Erdiguneko hainbat saltokitan tentsio uneak bizi izan dira piketeak hauek ixtera gerturatu direnean, eta hainbat lagun identifikatu ditu Ertzaintzak. Istilu handienak, baina, zutabe feministan izan dira. Ertzaintza bortizki oldartu zaie eta Arka plazan elkartutako manifestarien kontra kargatu du; hainbat zauritu eta identifikatutako hiru emakume izan dira. El Cortes Ingles eta Boulevard merkataritza gunea handiak ixteko ahalegina ere egin dute piketeek; ez dute lortu erabat ixtea, baina Boulevard une batez geldiarazi dute.

Manifestazio nagusiaren ostean, Plaza Berrian bazkaltzeko deialdia zabaldu da. Bertan, "bazkari autogestionatua" egingo dute, eta arratsaldean jarraituko dute mobilizazioekin. Deialdi ugari antolatu dituzte Arabako herrietan; Gasteizen, 18:00etan Andre Mari Zuriaren plazatik abiatuko den manifestazioarekin amaituko dute mobilizazio eguna.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago