Alavesek bolada onari ezin izan dio jarraipena eman

Erredakzioa 2020ko urt. 27a, 11:12
Taldeak lanak eta bi egin ditu garaipena eskuratzeko, baina gola egitea kosta egiten zaio. /ALAVES

Vila-realek azken minutuan lortu du garaipena.

Mendizorrotza futbol zelaiaren inguruan festa izan da egun guztian zehar. Arabako taldeak 99 urte bete berri ditu eta ospakizunari garaipenarekin amaiera ematea ezinezkoa izan da. Partidaren hasieran kandelak piztu dira berdegunearen inguruan. Zaleek txalo zaparrada batekin hartu dute taldea. Dena prest zegoen etxetik kanpo lorturiko hiru puntuei jarraipena emateko.

Dena den, hasi bezain pronto gauzak okertzen hasi dira. Kanpokoek berehala 0-1ekoa jarri dute markagailuan. Ondo egindako jokaldi baten bitartez, 10. minutuan, Bacca aurrelariak area txikian inongo oztoporik gabe saretara bidali du baloia. Hortik aurrera, erritmo biziko neurketa izan da. Ekimena Vila-realek hartu du eta Alavesek kontraerasora jokatu du. Ahaleginak egin arren talde arabarrak ez du zorterik izan eta ezin izan du berdinketa lortu.

Bigarren zatian, lehen zatiko gidoi bera izan du. Izan ere, Vila-real eroso aritu da baloiaren jabe izanik eta Alaves kontraerasora jokatzen ahalegindu da. Erreskadan bi aukera paregabeak izan ditu berdinketa lortu ahal izateko. 56. minutuan Aleix Vidal bakar-bakarrik gelditu da ate aurrean eta hor agertu da Asenjo atezaina geldiketa bikaina egiteko. Handik gutxira, 60. minutuan, Manu Garcia buruz egindako erremateari sekulako geldiketarekin erantzun dio atezainak.

Alavesek ez du amorerik eman eta ekinaren ekinez banako berdinketa lortu du. Partida amaitzeko hamar minutu falta zirela Joseluk gola egin du eta Mendizorrotzeko harmailetan urtebetetzea ospatzeko kandelak piztu dira. Taldeak aurrera jo du garaipenaren bila eta buru-belarri ari zela etorri da Vila-realen gola. Fernando Niño gaztea zelairatu du Callejak, eta, bi minutu geroago, hemeretzi urteko gazteak gola egin du. Kontrol zoragarria egin, zartako batez gainditu du Pacheco eta saretara bidali du. Isiltasuna zabaldu da zaleen artean eta ia-ia nahi gabe argiak itzali dira festa ospatzeko. Hau pena hau!

Taldeak lanak eta bi egin ditu garaipena eskuratzeko, baina gola egitea kosta egiten zaio. Aukerak eta aukerak sortu behar ditu gola egiteko. Hurrengo norgehiagoka datorren igandean 18:30ean izango da Sevillaren aurka. Ea talde handi baten aurka puntuak lortzen diren!

-

Alaves: Pacheco; Martin (90’. Burke), Laguardia, Ely, Duarte, Aleix Vidal (72’. Burgui), Manu Garcia, Camarasa, Luis Rioja (59’ Borja Sainz), Lucas Perez, Joselu.

Txartel horiak: 45’. Ely, 84’. Duarte.

Vila-real: Asenjo, Gaspar, Albiol, Funes Mori, Alberto Moreno (35’ Quintilla), Iborra, Trigueros, Cazorla (65’. Anguissa), Moi Gomez; Bacca (87’. Fernando Niño), Chuwueze.

Txartel horiak: 70’. Quintilla.

Golak:

0-1: 10’. Bacca.

1-1: 80’. Joselu.

1-2: 89’. Fernando Niño

Mendizorrotza futbol zelaiko harmailak:

19.18.153 ikusle bildu dira Mendizorrotza futbol zelaian. Arabako klubak 99 urte bete berri ditu eta hori ospatzeko egun guztian zehar festa izan da. Partidaren hasiera berdegunearen inguruan kandelak piztu dira. Zaleek pankarta erraldoia atera dute taldea zoriontzeko. Partida osoan zehar kantuan eta animatzen izan dira. Giro paregabea izan da. Pena emaitzak ez duela inongo aukerarik eman festa erabat borobiltzeko.

Harmailetan hitz eta pitz

Arratsalde polita Mendizorrotzeko harmailetan izateko. Gainera festa eguna izan da egun guztian zehar.

"Egun polita gaurkoa ea borobiltzen dugun garaipenarekin".

"Ikusiko dugu Vila-real ez da talde makala. Bere etxean normalean irabazten diogu baina hemen ahaleginak eta bi egin beharko ditugu puntuak lortzeko".

"A zer nolako giroa! Ia-ia bete da Mendizorrotza".

"Camarasa fitxaje ona bigarren itzulirako. Beno, hamaikakoan nobedaderik ez. Berriz Martin eskuin hegalera. Ondo".

"Vila-realen gola. Nahi dutena egin dute inongo oztoporik gabe. Hiru pasetan egin dute gola. Atzelariak berriz ere lotan".

"Orain kostata lortu dugu berdinketa".

"Ezinean, ezinean. Ez dugu gol aukerarik sortzen. Gure jokoa da gola sartzea eta gero atzean itxarotea. Baina orain aurrera joan behar bai ala bai".

"Beno, ea bigarren zatian gauzak aldatzen diren!".

"Benga, bada, denak aurrera, presioa, erritmoa gauzak egin behar dira gola egiteko. Hori da, hori. Ze gelditua Asenjok egin duena! Ondo benga aurrera, benga, bada. Gola etorriko da horrela jokatuz gero".

"Goooooooool! Joseluk zer gola egin duen, jokaldi polita. Orain, orain dator gola. Baietz garaipena lortu, baietz".

"Uf! Ze pena! Gola egin duena hemeretzi urte besterik ez ditu. Debuta lehen mailan eta gola. Hori da marka!".

"Hau pena! Gehiago merezi izan dugu baina... Hurrengo partida Sevilla. Zaila, baina…".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide